Greziako errefuxiatuentzat neguko arropa prestatzen hasi dira gaur Hotz Oñati eta Hermansoloñako boluntarioak

2018/11/14
Card image cap
Materiala Zaporeak GKEren bitartez bidaliko da

  Zaporeak elkarteak arropa bilketa berezia egingo du larunbatean Hego Euskal Herriko 35 lekutan. Oñatiko Hotz eta Hermansoloña taldekoak aurreratu, eta gaur bertan hasi dira herritik bidaliko duten materiala gertatzen. Horretarako, Hermansoloñak Kale Zaharrean duen lokalean dagoen arropa bereizten hasi dira.

  Haur, emakume eta gizonezkoentzako neguko arropa eta oinetakoak prestatuko dituzte Zaporeak-eko lagunei bidaliko dizkieten paletetan. Horretarako neguko arropa batzeko Hermansoloñak zabalik duen kanpaina aprobetxatuko da. CEAR Euskadik kudeatzen duen lehen harrerarako aterpetxera datozen migratzaileen beharrei erantzuteko, bereziki gizonezkoentzako neguko arropa eta mantak eskatu zituen Hermansoloñak hilabete eskas dela. Herritarrek eskuzabalik erantzun dute, beste behin, eta gizonezkoentzat ez ezik, emakume eta haurrentzat arropa ere eraman dute. Hori baliatuko da Greziarako hainbat kaxa osatzeko.

  Greziako Lesbos irlan neguko arropa eta oinetakoen behar handia dute, Zaporeak GKEak jakinarazi duenez. Bertara egin zuten azken bidaian etorkinen beharretarako materiala gordetzen den biltokian apenas zegoen arroparik. Gainera, uhartea gogor astindu zuen Zorba zikloiak egoera okertu du. Horregatik, Euskal Herrian material bilketa handi bat egin asmo dute larunbatean. Oñatiko materiala, Hotz eta Hermansoloña elkarteen bitartez prestatu eta bidaliko da.

  Aste honetan gertatzen den neguko arropa eta oinetako horiek, azaroaren 26-27an irtengo dira Greziarantz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!