Oñatiko udala

Gose greba utzi du Asier Guridik

2022/05/05
Card image cap
Ospitaleratu egin dute 35 eguneko protestak eragindako kalte fisikoengatik

  Sare sozialen bidez jakinarazi zuen atzo Guridik berak gose greba bertan behera utzi duela. Nabarmen okerrera egin du bere osasun-egoerak azken astean, eta ospitale batean artatu behar izan zuten. Caracasko Perez de Leon ospitalean dago. Ondorioz, baraualdia etetea erabaki du oñatiarrak baina azpimarratu du borrokan jarraituko duela bere nortasun juridikoa aitor diezaiotela lortzeko.

  Asier Guridi iheslariak martxoaren 29an hasi zuen gose greba, nortasun juridiko agiriren bat eskura diezaioten eskatzeko. Espainiako Estatuak Venezuelan, Caracasen, duen Kontsulatu Nagusiaren aurrean egon da baraualdia egiten pasaportea eskatuz. Guridiri errefuxiatu izaera onartu zion Venezuelako gobernuak abenduan, orduan ere gose greba egin zuen. Baina errefuxiatu zedularen tramitaziorako indarrean dagoen pasaportea eskatzen zaio eta horrek prozesua blokeatzen du.

  Agiri ofizial bat eskuratu eta bere nortasun egoera erregularizatzea da Asier Guridiren helburua, hori lortu ezean bera eta 13 urteko bere semea heriotza zibilean daudela salatzen duelarik.

  Asier Guridi Zaloña oñatiarra 2005ean iritsi zela Venezuelara, Espainiatik ihesi. 2013an atxilotu zuten eta ordutik ez du nortasun juridikorik, ondorioz, ezin du legalki lanik egin, 2008an jaio zen semea Guridi deituraz erregistratu edota euskaldun herritar eskubideak transmititu, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!