Oñatiko udala

Goribarko biribilgunea egiteko lanak esleipenera atera ditu Foru Aldundiak

2023/01/10
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea ostiralean amaitzen da

  Diputatuen Kontseiluak 2021eko azaroaren 30ean onartu zuen GI-2630 errepidean, 18,250 KP-an, Goribarko biribilgunea izango dena egiteko proiektua. Urtebeteko epean ordea, lehengaien prezioak asko garestitu dira eta lanak esleipenera atera aurretik, aurrekontua eguneratu egin da. Hasierako kopurua % 5,68 jaso da eta lizitaziorako aurrekontu berria 571.914 euro da, BEZa barne. 

  Abendu bukaeran argitaratu zuen Foru Aldundiak Goribarko biribilgunea egiteko lanen esleipen deialdia, proposamenak aurkezteko epea ostiralera arte, urtarrilaren 13ko arratsaldeko 18:00ak arte finkatuz. Aurrekontua eguneratu da baina exekuzio epea 4 hilabetetan mantendu da eta lanak 2021ean onartu zen proiektuaren arabera egin beharko dira.

  Goribarko biribilgune berriak 40 metroko kanpo diametroa hartuko du, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango dituelarik. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errei bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, espaloia eraikiko da Kasablanka aldera eta Torreauzoko bidegurutze aldera.

  Oñati eta Elorregi elkarlotzen dituen GI-2630 errepideak trafiko handia hartzen du, astelehenetik ostiralera. Enpresetara sartu-irteneko puntako orduetan ia 11.000 ibilgailu zenbatu ziren 2017an egin zen ikerketa batean. Ibilgailu horietatik % 8-10 trafiko astunari zegozkion, gainera. Industrialdeen eta hiriguneen irisgarritasuna hobetu eta erabiltzaileen segurtasuna handitze aldera hainbat hobekuntza agindu zituen Foru Aldundiak eta esku-hartze horietan azkena litzateke Goribarko biribilgune berria.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresen lehen plika datorren astelehenean, hilaren 16an irekitzea aurreikusten da. Lanak egiteko enpresek duten gaitasuna eta kaudimena egiaztatzeko kartazala izango da; urtean obraren aurrekontua adinako negozio bolumena izatea eta azken bost urteetan Oñatin egin beharreko lanaren antzeko beste bi, gutxienez, eginak izatea eskatzen baita. Lanen memoria-txostenaren plika berriz, urtarrilaren 25ean irekiko da eta horren arabera, eskaintza ekonomikoa baloratzeko azken plika noiz irekiko den zehaztuko da. Ondo bidean, lanak otsailerako esleitu eta martxoan hasi litezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!