Goizean zehar hasi dira kiroldegi parean saihesbideko errail bat tarteka ixten.

2014/10/13
Hormigoia botatzeko kamioiak lanean ari diren bitartean erraila itxi eta trafikoa semaforoz erregulatzen da.

  Aste honetan zehar horiek dira saihesbidetik egingo diren lanak, alegia, tenis pistaren estalkiari eutsiko dioten zutabe eta beste elementuak eratzeko hormigoia botatzeko lanak. Horrek, kiroldegi goialdeko erraila tarteka ixtea ekarriko du.

  Datorren astean jada, azpiegitura aldetik lan handiagoak egingo dira eta ondorioz, saihesbideko erraila, goizeko 8etatik arratsaldeko 7etara itxi egingo da. Kontu egin behar baita, tenis pistetako bat estaltzeko estalkia bera, estruktura, datorren astean jartzen hasiko direla eta horretarako garabi eta kamioiek barianteko errail bat okupatuko dute. Izan ere, kiroldegiko tenis pisten kokapenak berak, halako lan pisutsuak saihesbidetik egitera behartzen baitu.

  Aste honetan, erraila tarteka ixten denean, eta datozen bi asteetan, estalkiaren  muntatze lanak egiteko erraila egunez itxita dagoen bitartean, trafikoa, libre dagoen errailetik semaforo bidez bideratuko da.

  Lan hauek hile akaberarako bukatzea espero da, erraila tarteka edo jarraian okupatu eta ixteko foru baimena, urriaren 31ra artekoa baita. Bitartean, gidariei arretaz eta pazientzia pitintxo batez gidatzeko gomendioa egiten zaie.

  Gogoratu, trafiko eragozpen hauek kiroldegiko tenis pistetako bat estaltzeko lanek eragin dituztela. Beheko tenis pista da estaliko dena, Uhin formako estalkia jarriko da. Honek, tenis pistaren gainean 7 metroko altuera hartuko du eta estalkiak, argi naturala sartzen uzten duten panelak izango ditu sabaian.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!