Oñatiko udala

Goiaz! Lanbide Heziketaren azoka martxoaren 20 eta 21ean egingo da Arrasaten

2024/03/15
Card image cap
Debagoieneko Lanbide Heziketa eskaintzaren erakusleiho bihurtuko da, primerako formazio aukera dela aldarrikatuz

  Mankomunitateko Garapen Agentziak, eskualdeko 7 Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu du Goiaz! Debagoieneko 16. Lanbide Heziketaren azoka. Arrasateko Kulturaten izango da datorren asteazkenean eta ostegunean.

  Eskualdean dauden Lanbide Heziketako ikastetxeen eskaintza, ikasketa ibilbideak eta lan merkaturako balizko aukerak ezagutzeko aukera egongo da Goiaz azokan. Bereziki gazteei zuzentzen zaie azoka baina baita langile, guraso eta, orokorrean, herritarrei ere. Ikasleei zuzendutako ekintzetan bailarako 350 ikasletik gora espero dira eta balizko ikasle nahiz gurasoentzat hitzaldia antolatu da, Lanbide Heziketa ikasi duten ikasleekin eta ikastetxeen parte-hartzearekin. Nik ere lanbide heziketa aukeratu dut izenburuko hitzaldia, asteazkenean, martxoaren 20an, 18:30etan izango da, Kulturateko areto nagusian.

  Berrikuntza nagusi bat du aurtengo Goiaz azokak, enpresei zuzenduta hitzaldi zikloa antolatu da, martxoaren 21erako; 9:00etan, mahai-inguruan, ikasketak eta lana uztartzen duten Dual modalitate berriak azalduko dira eta 11:00etan, egoera irregularrean dauden pertsonak kontratatzeko aukera eta baliabideen berri emango da. Mahai-inguruan, orain arte modu pilotuan egin diren Dual orokorreko esperientziak azaldu eta datozen berrikuntzen berri emango zaie enpresei. Lanbide Heziketako bi ikastetxek, bi enpresek eta hainbat ikaslek parte hartuko dute. Pertsona atzerritarren kontratazioaz arituko den hitzaldia, berriz, Gizarteratze eta Kulturarteko Bizikidetzararko Euskal Zerbitzuko arlo juridikoko ordezkariek emango dute.

  Gainera, Erasmus Plus txokoa ere zabalduko da Lanbide Heziketa ikasten dabiltzan eta Europako herrialde desberdinetan egonaldia egiten ari diren gazteen kokapena eta esperientziak ezagutarazteko.

  Debagoienean Lanbide Heziketako 7 ikastetxeetan maila ezberdinetako 37 ziklo ikasi daitezke. Egun 1.600 ikasletik gora dituzte. Aipatu ikastetxeak eta eskualdean prestakuntza eta enplegu zerbitzuak eskaintzen dituzten beste akademia eta erakundeak bertatik bertara ezagutu ahal izango dira Goiaz azokan, Arrasateko Kulturaten, asteazkenean, 8:30-14:30 eta 16:30-18:30 eta ostegunean,8:30 -14:30.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!