Globalia Urbanismo Integral SL enpresari esleitu zaizkio bizikleta aparkaleku estaliak hornitu eta instalatzeko lanak

2021/01/19
Card image cap
Kontratua ostiralean sinatuko da

  Lau enpresa aurkeztu ziren bizikletentzako aparkaleku estaliak hornitu eta instalatzeko esleipen prozesura. Aurrekontu merkeena eta hornitze epe laburrenetakoa aurkeztu zuen enpresak jaso du puntuaziorik altuena, eta lanak horri esleitzea erabaki du udalak. Globalia Urbanismo Integral Leongo enpresak, udalaren aurrekontua 16.000 eurotan merkatuta, lanak, ia 35.000 eurotan egingo ditu. Hori da behintzat ostiralean, hilaren 22an formalizatuko den kontratuan jaso dena. Bizikleta aparkaleku estaliak instalatzeko epea ere, 8 astetan finkatu da. Beraz, udaberri hasierarako jada aparkalekuak jarrita izatea espero da.

  Partaidetzazko Aurrekontuak 2019-2020 egitasmoan herritarrek hautatu zuten inbertsioetako bat da bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzearena. Hasieran bost kokalekutan jartzea aurreikusi zen baina lekuak bertatik bertara ikusita biren instalazioa oraingoz atzeratzea erabaki da. Urgain-Errekalde eskola eta Azkoagain inguruan oraingoz ez dira halakoak jarriko, bai ordea, Santa Marina plazan, Zuazola-Larraña institutu ondoan eta azoka inguruan.

  Bizikleta estalpe hauek ez dute alboko itxiturarik izango, altzairu galbanizatuzko egitura eta lurrera ainguratutako zutoin eta habe bana izango dute. Estalkia polikarbonozkoa eta gardena izango da, inklinatua eta euri-urak batzeko sistema daukana, bizikletak busti ez daitezen, eta lekuaren arabera handiagoa edo txikiagoa. Sabaiaren punturik baxuena zorutik bi metrora egongo da eta luzeena Zuazola-Larraña institutu inguruan kokatuko da, 8,5 metroko luzera izango baitu aparkaleku estaliak. Santa Marinan eta azoka ondoan txikiagoak jarriko dira: 6,5 metrokoak, gutxi gora behera. Horiek dira behintzat udalak esleipen oinarrietan zehaztu zituen baldintzak eta instalazioa egingo duen enpresak bete beharko dituenak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!