Gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen arautegia berrituko du Udalak

2024/01/15
Card image cap
Dokumentua onartu aurretik Kontsulta Publikoa abiatu da herritarren iritzia jasotzeko

  Udal ordenantza edo arautegien lanketa prozesuan herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz, udalek bete beharko duten urratsa da Kontsulta Publikoarena. Arautegiaren zergatia eta helburuak azaltzeaz gain, horren inguruko iritzia emateko aukera eskaintzen zaie herritarrei. Gero, arautegia behin behineko izaeraz onartu ondoren, helegiteak aurkezteko epea ere izango da. Une honetan, gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen arautegia berritzeko asmoa du Udalak, eta, herritarren ekarpenak jasotzeko epea ireki du. Udalaren webgunean egokitu den atalean edo, idatziz, udaletxeko erregistroan egin daitezke ekarpenak.

  2015ean onartu zuen udalak gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen sarbidea, zerbitzuaren ezaugarriak, araubidea eta finantziazioa arautzen duen udal arautegia. 9 urteren ondoren araudia zaharkituta geratu da eta berritzea erabaki da. Araudiaren xede nagusi dira zerbitzua eta haren helburuak definitzea, eta funtsezko alderdiak arautzea, hara nola, oinarrizko prestazioak eta osagarriak, zerbitzutik kanpo utzitakoak, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, zerbitzua eskuratzeko baldintzak eta prozesura, zerbitzua etetea eta azkentzea, eta haren araubide ekonomikoa zehaztea. Izan ere, udal-jabetzako etxebizitzaren erabiltzaileak gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonak dira eta udalaren zerbitzu publikoa izaki, erabilera arautzea ezinbestekoa da, zerbitzua behar bezala emateko.

  Ezinbestekoa da erabiltzaileen eta udalaren arteko harreman juridikoa antolatzen duen dokumentu bat lantzea. Horretarako lehen urratsa da abian jarri den kontsulta publikoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!