Gizarte zerbitzuetako lokala eraberritzeko lanak esleipenera atera ditu Udalak

Bidebarrieta kalea 10-12 zenbakietan kokatzen den Gizarte zerbitzuetako lokala eraberritu eta egungo beharretara egokituko du Udalak. Horretarako Aitziber Izura arkitekto teknikoari proiektua eskatu zitzaion.
Zerbitzua udaletxetik Bidebarrieta kalera aldatu zenetik asko handitu da, langile taldea hiru lagun izatetik 7ra pasatu da, baina espazioa ez da berritu. Egungo egoitzaren espazioa berrantolatuko da, bereziki harrera lekua moldatuko da, eta beste bulego bat egokituko da, erabiltzaileen erosotasuna eta zerbitzuaren diskrezioa handitze aldera. Era berean, argitasuna, aireztatzea eta berotasuna mantentzeko aukerak hobetuko dira, energia aurreztea helburu delarik.
Aitziber Izura arkitekto teknikoak osatu duen proiektuak 226.223 euroko aurrekontua du eta lanak 7 hilabetetan, 28 astetan, egitea aurreikusten da. Epe hori laburtzea, eskaintzen den berme-epea luzatzea eta egindako eskaintza ekonomikoa izango dira lanak esleitzeko orduan baloratuko diren hiru puntuak. Enpresen proposamen ekonomikoak 90eko puntuazio orokorrean 75 eskuratzeko aukera emango du. Udalak kaleratu berri duen lanak kontratatzeko prozeduran parte hartzeko proposamenak apirilaren 27ra arte aurkeztu behar dira.
Bidebarrieta kaleko 10-12 zenbakietan kokatzen diren lokalak egokitu bitartean Gizarte Zerbitzuetako bulegoak Ramon Irizarreko plazatxo ondoko lokal batera aldatuko dira. Baina behin behineko lokal hori ere egokitu egin behar da. Leku aldaketa uda hasieran egitea aurreikusten du zerbitzuaren arduradunak.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!