Gizarte zerbitzuetako bulegoak eraberritu egingo dira

Gizarte zerbitzuen bulegoak 2002an aldatu ziren udaletxetik Bidebarrieta kaleko 10-12ko lokaletara. Ordutik zerbitzua eta, bereziki, langile taldea handitu den arren, ez da espazioa berritu. Urteekin behar berriak sortu dira eta horiei erantzuteko unea dela erabaki da. Egungo egoitzaren espazioa berrantolatuko da, bereziki harrera lekua moldatuko da, eta beste bulego bat egokituko da, erabiltzaileen erosotasuna eta zerbitzuaren diskrezioa handitze aldera. Baina lan hauek ezin dira langileak bertan direla egin eta ondorioz, zerbitzua lekuz aldatuko da.
Egungo bulegoetatik hurbil, irisgarritasun baldintzak bete eta gutxieneko azalera duen lokal baten bila aritu dira eta Ramon Irizarreko parkean topatu dute; berez Atzeko kalea 6 eraikinari dagokion galeria-lokala da, lehenago denda eta bulego moduan ere erabili izan dena. Baina egokitze lan batuzk behar ditu eta herritarrak artatu eta gizarte langileen bulegoak prestatzeko Aitziber Izura Egurbide arkitekto teknikoa kontratatu da, exekuzio proiektua osatu dezan.
Gizarte zerbitzuetako behin behineko bulegoak uztailerako prestatzea aurreikusten da, zerbitzua bertara aldatu eta Bidebarrietako bulegoan lanean hasteko. Behin behineko bulegoaren alokairua 10-12 hilabetekoa izango dela kalkulatu dute udal arduradunek, beraz, Gizarte zerbitzuak 2023ko negu bukaeran udaberri hasieran itzuliko dira Bidebarrietara.
Udaleko Gizarte zerbitzu departamentuan sei langile daude une honetan: zerbitzuaren arduraduna, lau gizarte langile eta administraria.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!