Oñatiko udala

Gizarte larrialdietarako laguntzen ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen azken Osoko Bilkuran.

2013/07/05

  Iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako aldizkari ofizialean alegazioetarako 30 eguneko epea irekiz.

  Gizarte bazterketa arriskuan dauden herritarrei ematen zaizkien diru laguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira, baina gobernuak ematen dituen laguntzak ez dira nahikoa izaten. Iaz, esaterako, Jaurlaritzak 43.234 euro zehaztu zituen Oñatin sortzen ziren beharrei erantzuteko baina azkenean, ia 85 mila euroko gastuak justifikatu ziren.

  Jaurlaritzak aurtengorako agindu duen diru kopuruaz gaindik, Udalak, 57.000 euro gehiago jarri ditu herrian dauden beharrei erantzun ahal izateko. Hala, diru kopuru hori banatzeko ordenantza onartu berri du udalbatzak. Ordenantzaren arabera, Jaurlaritzaren gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko ezarrita dauden baldintzak betetzen dituzten pertsonak izan daitezke udal laguntzen onuradunak.  

  Gizarte larrialdietarako laguntzen ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen ekaineko Osoko bilkuran. Gaur, horren berri ematen duen iragarkia argitaratu da Gipuzkoako boletinean alegazioetarako epea irekiz. Iradokizun edo zuzenketaren bat egin nahi duenak, abuztuaren 12a arteko epea dauka horretarako. Behin epea beteta alegaziorik jaso ez balitz, ordenantza automatikoki behin betiko izaeraz onartuta geratuko litzatekeela ere badio gaur argitaratu den oharrak.

  Ordenantza ikusi eta alegazioetarako, udal bulegoetatik pasa behar da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!