Gipuzkoako zabor biltzaileak grebara deituta daude gaur gauetik aurrera

2017/12/19
Card image cap
Azken orduko akordiorik lortu ezean lan-uzteak Debagoienari eragingo dio

  Debagoienako mankomunitateko ordezkariak Eusko Jaurlaritzak zehaztuko dituen zerbitzu minimoak konfirmatzearen zain daude zerbitzua antolatzeko. Bestela, gauean ezagutuko da zehatz-mehatz zabor biltzaileen artean sindikatuek zabaldutako greba deialdiak zein eragin duen gurean. Atzoko bileraren ondoren UGT eta CCOO sindikatuek greba deialdia ez babestea erabaki dute baina sektorean gehiengoa duten ELA eta LABek deialdiari eusten diote.

  Atzo bilkura izan zuten Donostiako Precoan enpresen eta sindikatuen ordezkariek. Amaieran jarrerak gerturatu direla onartu arren ez zuten akordiorik lortu. Bi aldeek azaldu dutenez, soldata igoera da adostasuna lortzeko traba bakarra. Lau urterako hitzarmena da helburua eta patronalak egindako proposamenean hiru urtean baino ez da soldata igoera jasotzen. Patronalaren proposamena hauxe da, 2016an igoerarik ez, 2017an KPIa gehi % 0,1; 2018an KPIa gehi % 0,2 eta 2019an KPIa soilik. Sindikatuek berriz, hauxe eskatzen dute, 2016an KPIa, 2017an eta 2018an KPIa gehi % 0.3 eta 2019an KPIa gehi % 0,4.

  Gipuzkoako zabor biltzaileen grebak lurraldearen % 60-70 inguruari eragingo dio, tartean Debagoienari. Mankomunitateak zerbitzua azpikontratatua baitauka.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!