Oñatiko udala

Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalaren atarian geratu da Maider Arregi

2024/12/02
Card image cap
Bakarkako lanean puntuaziorik altuena lortu zuen, Arrasaten atzo jokatu zen azken finalaurrekoan

  Finalean sartzeko puntu bakarrera geratu da Maider Arregi oñatiarra, orain arte parte hartu duen Gipuzkoako bertsolari txapelketa hoberena eginda. Arrasaten atzo jokatu zen azken finalaurrekoan aritu zen, eta hirugarren sailkatu zen, 511 punturekin, finalerako atarian. Oihana Iguaran nagusitu zen Uarkape pilotalekuko saioan, 519 punturekin, eta bigarren sailkatu zen Andoni Rekondorekin batera arituko da Donostiako finalean.

  Bete beharreko lanen puntuazioari erreparatuta, bakarkako ariketan nabarmendu zen Maider Arregi, bertso sortarik puntuatuena kantatuz. Orokorrean, txapelketaren balorazio ona egin du oñatiarrak eta bere helburua finalaurrekora heltzea zela adierazi zien Goienako lankideei, horrela Euskal Herriko txapelketara zuzenean sailkatu baita. Hala ere, helburu hori beteta, finalean aritzeko ametsa ere izan duela onartu du Maider Arregik. Egindako lanarekin gustua geratu dela adierazi du.

  Gipuzkoako bertsolari txapelketako finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Ilunben. Bertan izango dira, finalaurrekoa irabazita zuzenean sailkatu diren Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Iguaran eta puntuazioaren arabera sailkatu diren, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Euzkitze. Zarauztarrak 512 punturekin lortu du finalerako azken txartela.

  Finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertara joan-etorria egiteko autobusa antolatu du Txinparta bertso eskolak eta txartelak, Txokolateixan eskuragarri daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!