Oñatiko udala

Gipuzkoako Azoken Sarea sortu da merkatuen etorkizuna bermatzeko helburuz

2021/02/01
Card image cap
Oñatik sare horretan parte hartzen du

  Gipuzkoako 16 udalerri batu dira Azoken Sare honetara hasieran, tartean Oñati, baina etorkizunean Gipuzkoa osora eta Euskal Autonomia Erkidegora zabaldu nahi da. Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta etorkizuna bermatzea da egitasmoaren helburua. Prozesu honen bidez azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostuko dira eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokorra landuko da.

  16 herrik bat egin dute ekimenarekin lehen fasean, oso herri ezberdinak eta azokaren garrantzia eta errealitate oso ezberdinekoak dira. Sarean dira, esaterako, tradizio eta pisu handia duten Ordizia edo Tolosa, baina baita Oñatikoaren antzera herri-herrikoak diren Legazpi, Deba edo Azkoitikoa. Bakoitzaren kasuistika eta egoera ezberdina da baina gehienak, Tolosak izan ezik, etorkizuna kolokan ikusten dute, bertako ekoizleak, baserritarrak, geroz eta gutxiago direlako. Alegia, jatorritik, baserritik, belaunaldi berririk ez eta saltzaile berririk ere ez datorrelako.

  Oñatiko azokan bertan ikusten da errelebo falta hori. Dena den, eta lehen sektorea sustatzeko hainbat neurri hartu dira azkenaldian, baita azokara begira ere: plazara etortzen diren ekoizleei dietak banatzeari ekin zion Udalak; azoka gunean duten kokalekua zaindu da, eta pandemia garaian bereziki, babestu da; azoka gunea bera berrantolatu da erosleentzako pasabide zabalak utziz eta irisgarritasuna hobetuz, arrapala jarriz, besteak beste. Azoka gunea egokitzeko lanak gainera ez dira amaitu, saltzaileak bereizteko manpara modukoak jarriko dira eta azken asteetan plaza aldera aldatu diren fruta-saltzaileak azokara hurbilduko dira berriro. Azoka azpiko guneari probetxu handiagoa ateratzeko aukera ere aztertzen ari dira udal arduradunak. Baina ideia eta aukerak Gipuzkoako Azoken Sarean parte hartzen duten beste erakunderekin partekatu nahi dira, besteen esperientziatik ikasi eta aberasteko.

  Egitasmora batu diren Gipuzkoako 16 udalerriak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Landa Garapen Elkarteak eta Elika Fundiazioa ari dira elkarlanean Gipuzkoako Azoken Sarean.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!