Gipuzkoako 34 enpresari laguntza eman die Aldundiak, kanpo merkatura zabal daitezen

2021/07/21
Card image cap
Ulma kooperatibaren nazioartekotze programa babestu du, besteak beste

  Foru Aldundiak 850.873 euro bideratu ditu, bi ildo nagusitan banatuta: 750.873 euroko laguntza emango du 33 enpresak produktu berriak nazioartean merkaturatu ditzaten, eta kanpoko ezarpen proiektu bati 100.000 euro bideratuko dizkio. Iazko deialdian baino 2 proiektu gehiago sustatuko dira.

  Lehen ildoaren kasuan, diruz lagunduko dira: produktu berriak atzerrian merkaturatzeko kanpoan kontratatutako lanak eta zerbitzuak, hala nola aholkularitza eta prestakuntza nazioartekotzean, marketinean eta merkaturatzean, edo patente eskaerak, marka erregistroak eta izen komertzialak. Enpresa bakoitzak gehienez bi herrialde hautatu ahal izan ditu produktu berrirako, eta proiektuen balorazioan kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Plan Estrategikoak ezarritako lehentasunezko merkatuak. Ulma kooperatibak lehen ildo honi dagokion dirulaguntza jasoko du.

  Bigarren laguntza ildoari dagokionean Hernaniko Selak enpresara 100.000 euro bideratuko ditu Diputazioak, Txinako enpresa baten partaidetzak eskuratu ditzan. Selak enpresaren jarduera nagusia igogailuaren sektorerako profil bereziak ijeztu edo laminatzea da, eta jarduera horrekin merkatu horretako hornitzaile nagusi gisa duen posizioa sendotu nahi du.

  Orain ebatzi eta jakinarazi den deialdi horretaz gain, Aldundiak beste ekimen batzuk gauzatzen ditu Gipuzkoako enpresen nazioarteko presentzia indartzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!