Gipuzkoa barnealdea ezagutzeko autobus turistiko berria asteburuan abiatuko da
Bi autobus turistiko ibiliko dira Gipuzkoan zehar udan, kostaldetik bata eta barnealdetik bestea. Barrualdekoak Tolosa, Ordizia eta Oñatira hurbilduko ditu turistak, kostaldekoak berriz, Zarautz, Zumaia, Getaria eta Azpeitia-Loiolara. Foru Aldundiak sustatu duen ekimen pribatua da eta Donostiara iristen diren bisitariei lurraldeko zenbait puntu ezagutzeko modu erakargarri eta erosoa eskaintzea da helburua.
Hiriburura hurbiltzen diren bidaiariei Gipuzkoa ezagutzeko aukera eskainiko diete autobus turistiko hauek. Horrela turismo metaketa arintzeaz gain, bidaiarien egonaldia luzatu eta turismoak dakarren aberastasuna lurraldera zabaltzeko aukera izango da.
Barnealdeko ibilbidea egingo duen autobusa larunbatetan ibiliko da uztaila, abuztua eta irailean, baita abuztuaren 15ean ere. Kostaldekoa berriz, domeketan eta uztailaren 31n eta urriaren 1ean ibiliko da. Autobusak 8:30etan, 10:30etan eta 12:30etan aterako dira Donostiatik. eta barnealdeko azkena, 18:30etarako itzuliko da hiriburura. Bidaiariak, hartu duen txartelaren arabera, ibilbideko herri batean, bitan edo hirutan gelditu ahal izango du. Geldialdi bakoitzean bisitariak 2 ordu edo 2 ordu eta erdi izango ditu herria bisitatzeko, Txartelaren prezioa 25 eta 45 euro artekoa izango da, geldialdi kopuruaren arabera, eta 2 eta 12 urte bitarteko haurrek erdia ordainduko dute.
Ibilbidean zehar bisitariek doako wifia izango dute autobusean eta eskuragarri izango dute bisitatuko dituzten herriei buruzko informazioa. Herri bakoitzeko turismo bulegoetan ere bidaiarien zalantzak argitzeko gertu egongo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!