Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiak suhiltzaileen zerbitzuen koordinazioa indartuko dute, muga-eremuetan larrialdi-zerbitzuak emateko

2017/07/04
Card image cap
Hiru aldundiek hitzarmena sinatuko dute

  Hitzarmenaren helburua da prebentzio, sute itzaltze eta salbamendu zerbitzuen mobilizazioa eta esku-hartzea koordinatzea hiru lurraldeetako mugako eremuetan, larrialdietan zerbitzu hobea emateko. Hitzarmen horren bitartez, erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi da hiru egoera hauetarako: salbamendua, bai trafiko istripuetan bai bizia arriskuan duten pertsonei laguntzea eta biktimen erreskatea; materia arriskutsuen garraioko istripuak, ihesak, isurketak eta presio edo tenperatura arazoak; suteak hiri- eta landa-eremuetako erabilera desberdinetako eraikinetan, industrietan edo garraioetan.

  Hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zerbitzu batek ondoko lurraldean esku-hartu behar duenean, 112 SOS DEIAK larrialdiak koordinatzeko zentroak, aldi berean, zerbitzu biei jakinarazi die lehenengo irteera berehala egin behar dutela. Esku-hartze horiek laguntzakoak izango dira eta istripua gertatu den lurraldeko suhiltzaileak bertaratzen direnean beraiek hartuko dute operatiboaren aginte eta ardura, eta eurek erabakiko dute lurralde mugakidetik joandako dotazioek laguntzen jarraitu behar duten ala ez.

  Lankidetza-hitzarmenaren arabera, hiru aldundiek datu-baseak, dokumentazio grafikoa, larrialdi-planak eta informazio garrantzitsua trukatuko dituzte, hitzarmenaren eraginpeko eremuetan hobeto esku hartzeko. Segimendu-batzorde bat ere eratuko da, aldundi bakoitzeko bi kidek osatua. Lankidetza-hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa da, eta epe hori urtero luzatuko da automatikoki.

  Lankidetza hitzarmen hau garrantzitsua da Oñati eta Debagoienarako, Araba eta Bizkaiarekin muga egiten duen eskualdea den aldetik, Zubillagako suhiltzaileak ondoko lurraldetara joan daitezen eta hemen gertatzen diren larrialdietara hangoak ere etortzeko.

  Aipagarria da hitzarmenak jasotzen dituen esku-hartzeak lehenago ere egiten zirela, praktikan alegia indarrean dagoela, baina lehenengo aldia da giza baliabideak eta baliabide teknikoak batzeko halako lankidetza hitzarmena sinatzen dutela hiru aldundiek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!