Gilles Etxegoien eta "Gaua" txakurrak irabazi dute aurtengo Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa

2017/09/26
Card image cap
Orain bi urte ere Behenafarroako bikoteak lortu zuen garaipena

  Border collie txakurrak trebeago aritu ziren igandean Santa Lutziako zelaian, lehen 9 sailkatuetatik 6 arraza horretakoak baitziren. Irabazlea, Gilles Etxegoien baxenafarra eta Gaua  border collie txakurra izan ziren. Hurrengo bi bikoteak berriz arabarrak izan ziren; bigarrena,  Asier Bolibar eta Kobi txakurra eta hirugarrena Fidel Alonso eta Suit txakurra. Bi hauek euskal artzain txakurrak.

  Hamalau artzainek eta horien txakurrek jardun zuten Oñatiko norgehiagokan igande goizean; Euskal Herrikoak izan ziren gehienak eta horiekin batera Kataluniatik, Castellotik, Mallorkatik eta Frantziatik etorritakoak. Kilometroak jaiaren zirkuitu barruan zegoen Santa Lutziako zelaian lana zailagoa izan zen, ohikoa baino zarata handiagoa izan baitzen. Urduritasuna ere sumatu genuen hainbat artzain eta txakurrengan. Baina Etxegoienen Gauak ondo lan egin zuen eta bereziki arin ibili zen artaldea eskortan sartu eta ateratzeko ariketan, hartarako ematen den denboraren erdia pasatxo bakarrik behar izan baitzuen zeregina osatzeko.

  Orain bi urte ere, 2015ean, Gilles Etxegoienek eta Gauak irabazi zuten Oñatiko nazioarteko lehiaketako txapela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!