GI-2630 errepideko KP 19an biribilgunea egiteko aurreikuspena jasotzea eskatu dio Udalak Diputazioari

2018/11/06
Card image cap
Aldundiko Azpiegitura Sailak III. Errepideen Plan Orokorraren Aurrerapena jendaurrean jarri du

  Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak idatzi duen III. Errepideen Plan Orokorraren Aurrerapenak 2028 urtera arteko aurreikuspenak jasotzen ditu. Aipatu dokumentua jendaurrera atera da eta bi hilabeteko epea dago oharrak eta iradokizunak aurkezteko. Dokumentu horretan aurreikusi ez den biribilgune bat jasotzea eskatuko dio Udalak Diputazioari, hau da, GI-2630 errepideko KP 19 gunearen inguruan legokeen biribilgunea.

  Eskaera ez da berria, iazko urte hasieran ere aipatu bide nagusi horretan biribilgune bat ez baizik eta bi egitea eskatu zion Udalak Aldundiari, inguruko auzo eta industria guneen beharrak argudiatuta. Hala, Udalaren eskaerak Ulma taldearen babesa ere jaso zuen. GI-2630 errepidearen KP 18 eta 19 inguruetan biribilgune bana egitea eskatu zen orduan, Goribar eta Garibai auzoak eta inguruan dauden industria guneetarako sarrerak ordenatu eta trafikoa lasaitzeko. Eskaera ez ezik  LKS enpresak urte batzuk lehenago osatu zuen aurre-proiektua ere aurkeztu zion Udalak Diputazioari. Goribar inguruko KP 18 gunean semaforoak jarri ziren urte hasieran.

  Orain, eta III. Errepideen Plan Orokorraren Aurrerapena begiratuta KP 19ren parean biribilgunerik aurreikusten ez dela ikusita, halakoa jaso dezan eskatzea erabaki du Udalak.  Epe labur-ertain batean Munazategi industria gunean hainbat pabilioi berri eraikitzea aurreikusten du Ulma Kooperatibak eta horrek, inguruko trafikoan eragina izango du. Eremu horretarako sarrera egokitu beharko litzatekeela uste du Udalak eta horregatik, eskatuko da Garibai auzoko eta Munazategi industrialdeko arazoei irtenbidea emateko, Errepideen Plan Orokorrak GI-2630 errepideko KP 19 inguruan biribilgunea egiteko aukera jaso dezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!