GI-2630 errepidean hobetze lan berriak egingo ditu Foru Aldundiak

2022/06/22
Card image cap
Fagor aurrealdeko biribilgunea
3 kilometrotan zorua birgaituko da, Fagorreko errotondatik San Prudentziorako bidean

  Gipuzkoako hainbat errepidetan birgaitze edo sendotze lanak egitea onartu zen atzoko Diputatuen Kontseiluan, lizitazio prozedurak abiarazteari argi berdea ematearekin batera. Oñatin, GI-2630 errepideko 20 eta 23kilometro puntuen artean zoruaren egitura birgaitzeko lanak egingo dira, hau da, Fagorreko errotonda paretik hasi eta San Prudentziorako bidean, Elorregiko errotondara iristeko 200nen bat metro falta diren punturaino. Lanok Zubillagako saihesbidea barne hartzen dute.
Errepidearen zorua birgaitzeko lanak 742.589 euroko aurrekontua dute, atzo onartutakoaren arabera, eta hiru hilabetetan egiteko epea zehaztu da. Lanen esleipen prozesua berehalakoan abiatzea aurreikusten da eta, ondo bidean, udazkenean egingo dira.

  GI-2630 errepidean hainbat esku-hartze iragarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko otsailean, bideak jasaten duen zirkulazio handia erregulatu eta bide-segurtasuna hobetzeko helburuz. Garibai auzo parean errepidea estutu eta irla bat eratuz abiadura motelarazi zen, Munazategi sektorea deritzonean biribilgunea egin zen eta orain, Fagor ondoko errotondatik San Prudentziorako bidean errepidearen zorua birgaituko da.

  Orain urte eta erdi zerrendatu ziren lanen artean, Goribar auzoko biribilguneari dagozkionak abiatzea falta da bakarrik. Proiektua behin betikoz iazko azaroan onartu zen baina ez da beste berririk zabaldu foru erakundetik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!