GI-2630 errepidean, Goribar auzoan, biribilgunea egiteko proiektua bere horretan eta behin betiko izaeraz onartu da

2021/12/21
Card image cap
Urbieta baserrikoek aurkeztutako alegazioak ezeztatu egin dira

  GI-2630 errepidean, 18,250 KP-an Goribarko biribilgunea izango dena egiteko proiektua behin betiko onartu zen azaroaren 30eko Diputatuen Kontseiluan eta hala argitaratu da gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Proiektuaren inguruan jaso ziren bi alegazioen edukia eta Aldundiak emandako erantzunak ere argitaratu dira iragarki berean. Behin betiko izaeraz onartu den proiektua irailean jendaurrean jarri zena da, alegia, ez da aldaketarik egin eta egitasmoa bere horretan onartu da Ukitutako ondasun eta lursailen zerrenda ere iraileko berbera da.

  Argitaratutako iragarkiak lau erabaki biltzen ditu: GI-2630 errepideko 18,250 KPan biribilgunea egiteko proiektua behin betikoz onartu eta lanak egiteko lizitazioaren oinarrizko aurrekontua eta exekuzio epea zehaztea; ukitutako ondasun eta lursailen nahitaezko desjabetze izaera eta horretarako Eusko Jaurlaritzari obrak presazkotzat jotzea eskatzea. Aipatu lursailen zerrenda eranskin moduan argitaratu da.

  Guztira 3 lursaili eragingo dio biribilgune berriak eta horietan kokatzen diren 411 metro karratu desjabetzea, 285 metro karratu aldi aterako hartzea eta 17 metro karraturen gain zortasun figura aplikatzea aurreikusi da.

  GI-2630 errepidean, Goribar auzoan, 40 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgunea egingo da, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango dituelarik. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errei bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, espaloia eraikiko da Kasablanka aldera eta Torreauzoko bidegurutze aldera. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 499.549,40 euro da eta lau hilabeteko exekuzio epea zehaztu du Diputazioak.

  Gai honekin lotuta bi mozio idatzi aurkeztu ziren osteguneko Osoko Bilkuran eta biak atzera bota ziren. Urbieta baserrikoek biribilgunea proiektatutako gunean ez egitea eta beste alternatiba batzuk aztertzea eta bere eskaerarekin bat egitea eskatzen zion Udalari. Esteban Arregi Maiztegik berriz, biribilgunea Kanpizelai baserri parean eta honen lurretan ez dadila egin eskatzen zuen, proiektua udalaren eskumenetatik at dagoela zehaztuta.

  Mozioen bozketan, EAJ abstenitu egin zen argudiatuz ez direla bileretan egon eta zer adostu den jakin nahiko luketela. Baina halako gaiak Osoko Bilkurara mozio bidez helaraztea tristea dela gaineratuz. EH Bilduk mozio bien aurka bozkatu zuen. Alkateak esan zuen mozio kontrajarriak direla, bakoitzak bere interes partikularretik egindakoak, eta Udala ez dela modu horretan posizionatuko. Eskumena Aldundiarena dela baina azterketak egitea berriro eskatuko dutela gaineratu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!