GI-2630 errepidean bi biribilgune egiteko eskaera aztergai da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
43 gaiko lan zerrenda osatu da gaurko bilerarako eta horien artean, aipagarria, Oñati eta San Prudentzio arteko errepide nagusian, bi biribilgune edo errotonda egiteko Diputazioari luzatu dakioken eskaera. Biribilguneak Goribar eta Garibai auzoetan egingo lirateke. Jakinekoa da GI-2630 errepidea aldundiaren jabetzapekoa dela eta bertan lanen bat egitekotan, diputazioak onatu behar duela. Erle garaje parean eta Ulma eraikuntzarako bidegurutzean biribilguneak egiteko eskaera aspaldikoa da. Trafiko handia pilatzen da bertan, bereziki, lanerako sarrera-irteera orduetan eta GI-2620 errepidearen bi puntu horiek bereziki arazotsuak bihurtzen dira. Errepide nagusitik herrigunera edota Ulma eraikuntzara sartzeko guneetan auto ilarak sortzen dira eta istripu arriskua handitzen da. Errotondek halakoak ekidingo lituzketela uste du udalak eta zentzu horretan, Goribar eta Garibai auzoetan biribilguneak egiteko eskaera berriro aztertzekoa da gaurko gobernu batzarrean.
Ez da hori ordea, aztergaien artean jaso den eskaera bakarra. Hainbat auzo-alkatek ere bestelako eskaerak luzatu baitizkiote udalari. Gaurko bileran, Uribarri, Araotz, Murgia edota Garagaltzako auzo-alkateen eskaerak aztertzekoak dira.
Hirigintza eta Zerbitzuak batzordeak proposatutako gaietara itzuliz, Olaiturriko kirol eremuko definizioa aztertzekoa da eta baita ere, 2017-2020 aldirako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planeko diru laguntzen gaia. Gaztelekuko espazioen erabilgarritasunaren azterketa eta berregokitzea, edota Aloña mendi inguruan lursailak saltzeko proposamena eta Aldabeko egur kargalekua egokitzeko aurrekontu proposamena ere mahai gainera ateratzekoak dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!