Gereziondo japoniarrak landatu dira Errekalden botatako okaranen ordez

2022/02/24
Card image cap
(Arg: Goiena)
Okaranak onddoek jota gaixorik zeuden

  Errekaldeko auzotarrak aspaldian ari ziren eskatzen aranondoak kendu zitezen, zorura jausitako fruituek ingurua labainkor eta arriskutsu uzten zutelako. Arbolak aztertu direnean asko gaixorik daudela ere ikusi da eta, okerrik gerta ez dadin, hamaika okaran botatzea erabaki da. Kimaketen ondorioz sartutako onddoek eragindako gaitza zuten bota diren arbolek.

  Okaranak bota dira eta aldi berean, zazpi gereziondo japoniar landatu dira soildutako berdeguneetan, baina oinezkoen bideetatik urrunago. Gereziondo hauek funtzio apaingarria dute nagusiki, fruiturik apenas ematen dute eta emandakoak tamaina txikikoa da baina loraldi ederra izaten dute udaberrian.

  Pasa den astean egin ziren arbola mozte eta ordezkatze lan horiek Errekalde auzoan. Botatako arbolen ipurdiak bertan daude oraindik baina horiek ere laster kenduko direla adierazi dute udaletxetik.

  Era berean, San Lorentzo auzoko 1-2 atarien inguruko berdegunean pare bat zuhaizka berri sartu dira. Auzotarren eskaerari jarraituz, heskai edo hesiz itxita zegoen berdegune triangeluarra ireki zen eta, gorostia mantenduta, zuhaizka berriak sartu dira.

  Orain bi urte ere San Lorentzo auzoan, bidegorri aldamenean, gaixorik zeuden hainbat arbola bota eta berriak landatu ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!