Genero desberdintasunaren aurkako neurri eraginkorrak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Oñatiko EAJk
Emakume Nazioarteko Egunaren haritik Oñatiko EAJk emakumeen berdintasun eskubideak aldarrikatu ditu beste behin ere. Herriko gizon eta emakumeek arlo guztietan aukera berdintasuna izan dezaten ekintza eta akzio eraginkorrak ezartzeko eskaera berretsi du udaleko talde jeltzaleak. Lan arloan, Oñatiko enpresetan Erantzunkidetasun Plana sustatzea proposatu diote udal gobernu taldeari azken bi urteetan aurrekontuak eztabaidatzerakoan. Emakumeek sufritzen dituzten lan diskriminazio eta soldata arrakalaren oinarrian erantzunkidetasun eza eta bizitza, familia eta lana kontziliatzeko dauden arazoak daudela diote jeltzaleek. Horiexek direlarik emakumeen garapen profesionala oztopatzen dutenak.
EAJ-PNVren udal-taldearen hitzetan orain arte, lan arloan, kontziliazio neurriak zaintza ardurak erraztera bideratu dira, eta ia beti, emakumeek hartu dituzte ardura horiek. Horregatik, aldaketa beharra dago Pertsonen eta etxearen zaintza emakumeen ardura soilik izan ez dadin, ezinbestekoa da enpresetan kontziliazio erantzunkidea hobetzeko bide berriak urratzea.
Jeltzaleen ustetan ezinbestekoa da enpresetan genero ikuspegia txertatuta duten kudeaketa aurreratu ereduak bultzatzea, non enpresaren kudeaketa- ardatza pertsonak izango diren. Bide batez, Eusko Jaurlaritzak guraso-baimenak parekatzeko egindako proposamen berritzailea txalotu du EAJren udal taldeak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!