Gaztelekuko sotoa gaur arratsaldean irekiko da berriro

2016/01/12
Card image cap
Komuneko hondakinen arketak gainezka eginda, atzo itxita egon zen

  Gaztelekuko sotoko arketan, Topalekua eta soto bertako komunen ur zikinak biltzen dira. Atzo, ez-ustean, gainezka egin zuen eta garbiketa lanak egin ahal izateko sotoa itxita mantendu zen. Hori adierazten zuten kartelak jarri ziren sotorako nahiz Gaztelekurako sarreretan.

  Komunaren erabilpen okerrak eragin du hodien buxadura edo ataskoa. Nonbait, toallita bustiak komunera botatzen dira eta honek, hodiak itxiarazten ditu. Ondorioz, arketak gainezka egin zuen. Iturginak, hodiak hustu eta garbitu zituen baina kiratsa handia zenez sotoa itxita mantentzea erabaki zen. Gaur berriz irekiko da.

  Gaztelekuko sotoa, 0-7 urte bitarteko haurrei eta beren zaintzaileei zuzendutako aisialdi espazioa da. Egunero irekitzen da, astelehenetik ostiralera 17.00tatik 19.45tara eta zapatu, domeka eta jaiegunetan goizez ere bai, 11.00tatik 13.00tara. Gunea egunero irekitzen den arren, bereziki eguraldi txarra egiten duenean erabiltzen da, euria eta hotzari aurre eginez, aterpe egokia baita. Atzo zorionez ez zuen eguraldi txarrik egin.

  Atzeko gertakarien parekorik errepikatu ez dadin, Gaztelekuko arduradunak erabiltzaileen arreta eta erantzukizuna eskatzen du, toallita eta antzerako hondakinak komunetik behera bota ez daitezen. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!