Oñatiko udala

Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko deialdira ez da eskaintzarik aurkeztu oraindik.

2014/12/11
Card image cap
Bihar amaitzen da proposamenak egiteko epea.

   Udalak, Gaztelekuak une honetan eskaintzen dituen zerbitzuak bildu eta lizitazio deialdi bakarrean zabaldu ditu. Gazte informazio puntua, informatika gela, Topalekuko zerbitzua, sotoko 0-7 urte arteko haurren eta familien gunea eta kuboko 8-12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eta Gaztelekuko bilera gelen erabilera kudeaketa dira, lizitaziora, deialdi bateratuan atera direnak. Udalak, Gaztelekuan kokatzen diren zerbitzu guztien kudeaketa eta dinamizazioaz arduratuko den enpresa kontratatu nahi du.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresek, gutxienez hiru hezitzaile jarri beharko ditu eta udalarekiko nahiz Gaztelekuko gune ezberdinen arteko zerbitzuak koordinatuko dituen koordinatzailea ere izendatu beharko du.

  Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko lizitazio deialdian zehazten denez, hezitzaile horiek, gizarte arloko diplomatura edo gradua, edota goi mailako lanbide heziketako titulua eta hezitzaile lanetan hiru urteko esperientzia izan beharko dute. Komunikazio-informazio puntua kudeatuko duen hezitzailearen kasuan, komunikazio arloko ikasketak izatea bereziki baloratuko da. Koordinatzaileak berriz, gizarte arloko diplomatura edo gradua izan beharko du.

  Euskararen ezagutzari dagokionean, langileek Europako erreferentzia markoaren C1 gaitasun maila izatea eskatuko da. Izan ere, udalarekiko nahiz erabiltzaileekiko harremanetan euskara lehenetsiko baita. Lizitazio baldintzetan, zerbitzuak bete beharreko ordutegi eta egutegia ere zehazten da. Eta zerbitzu gune ezberdinak asteartetik igandera arratsaldez ireki beharko direla azaltzen du.

  Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizeko 11eratik ordubatera ere zabalik dagoela bermatu beharko du enpresa esleipendunak.

  BEZa kanpo delarik, udalak, 127.000 eurotan mugatu du lizitazio prezioa. Horrek esanahi du, enpresek, horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu beharko dutela.

  Aipagarria da dena den, eskaintza ekonomikoa ez dela erabakigarria izango esleipenena egiterakoan, 100 puntutik 20 eskuratzeko bidea emango baitu soilik. Zerbitzuaren proiektuak berriz, 80 puntu lortzeko aukera emango du. Atal honetan, proiektuaren helburu eta oinarritze teorikoak, lan metodologia, herriaren errealitatera egokitutako proposamena eta bestelako hobekuntza proposamenak landu beharko ditu lizitaziora aurkezten den enpresak.

  Bihar arratsaldeko ordu bietan amaitzen da proposamenak egiteko epea eta baldintzak jasotzera udal bulegoetara hainbat lagun hurbildu diren arren, oraindik ez da eskaintzarik aurkeztu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!