Oñatiko udala

Gaztelekua itxita egongo da datozen bi asteetan

2017/01/09
Card image cap
Argi instalazioa hobetzeko lanak egingo dira eta sotoko espazioa margotuko da

  Gaztelekuko gune eta zerbitzuak bi astez itxita egongo dira hainbat hobetze eta egokitze lan egin ahal izateko. Itxierak Gazteleku osoari eragingo dio, bai Topaleku, bai Kubo eta baita Sotoari ere. Lanak, bi astetan egitea aurre ikusten da.

  Gaztelekuko eszenatokiko fokuen irisgarritasuna hobetzea da egingo den lan nagusia. Egungo fokuen instalazioak zailtasun ugari sortzen ditu edozein aldaketa edo mugimendu egin ahal izateko. Instalazioa egokitu eta irisgarriagoa bihurtzea da gaur hasi diren lanen xedea. 0-7 urte bitarteko haurrei eta beren guraso/zaindariei zuzendutako sotoa berriz, margotu egingo da erabiltzaileentzat erakargarriagoa egin asmoz. Era berean, Gaztelekuko hiru guneen egokitzapena egingo da, elementu ezberdinak birkokatuz espazioa optimizatzeko. Aipatutako lan hauek aprobetxatuko dira bestalde, Gaztelekuko biltegiaren garbiketa egin eta lekua irabazteko.

  Gabonetako oporretan hainbat ekintza berezi antolatu eta gauzatu ondoren, Gaztelekuan barruko lanak egingo dira datozen bi asteetan zehar; argi instalazioa berritu eta beste hainbat egokitze lan egingo dira. Aurreikusitako epeak betetzen badira, Gaztelekua, urtarrilaren 24an irekiko da berriro. Bitartean, Topalekua, Kuboa eta Sotoa guztiz itxita egongo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!