Gaztelaniazko eskolak emateko gertu dauden boluntarioak behar dira Larraña etxean

2021/07/14
Card image cap
Larrañako zenbait egoiliar eskolak hartzen
Norberaren disponibilitate eta nahiaren arabera moldatuko dira eskola orduak eta mailak

  Larrañan dauden errefuxiatuei gaztelaniazko klaseak ematen eta mintzapraktikan laguntzen hainbat herritar aritu dira ikasturtean zehar, baina orain, oporrak hartu beharrean daude eta haiek ordezkatuko lituzketen boluntarioak behar dira. Baita iraila-urritik aurrera jarraitzeko ere, gaztelera ez dakiten errefuxiatuak geroz eta gehiago baitira Larrañako harrera etxean. Horregatik, gaztelaniazko eskolak emateko prest leudeken boluntarioei deialdia zabaldu die zentroko zuzendaritzak.

  Gaztelaniako irakasle-laguntzaile izateko ez da aparteko titulaziorik eskatzen. Gehiago edo gutxiago denok dakigu gaztelaniaz mintzatzen, eta hori irakasteko gogoa eta denbora apur bat izatea da eskatzen den bakarra. Maila formal bateko gaztelaniazko eskolak eman, solasaldi edota mintza-praktikan parte hartu boluntarioaren araberakoa izango baita. Eta antolatu ere, boluntarioen disponibilitate edo ahalbidearen arabera antolatuko dira gaztelania lantzeko eskola eta jarduerak.

  Egun gaztelaniako eskolak ematen dituzten lau boluntario daude Larraña etxean, baina kurtsoarekin batera Helduen Eskola edo EPAn ematen ziren klaseak amaitu dira, eta Afrikatik eta gaztelera erabiltzen ez den beste herrialde batzuetatik datozen errefuxiatuak geroz eta gehiago dira. Oinarrizko mailan komunikatzeko gaztelania ezagutzea ezinbestekoa dute eta horretan laguntzeko prest leudeken boluntarioak behar dira Larrañan.

  Informazio gehiago behar duenak, edo parte hartzeko interesa duenak, Larrañako zuzendariarekin berba egin behar du. Harremanetarako telefono zenbakiak hauek dira: 943 009 049 edo 688 729 079

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!