Oñatiko udala

Gazteentzako lan-orientazio zerbitzua sortu du Udalak

2022/11/30
Card image cap
Gaztelekuko informazio bulegoan kokatu da eta bihar goizean abiatuko da

  Maratz izena jarri zaio Gaztelekuan abian jarri den gazteentzako lan-orientazio zerbitzu berriari. Maratz berbak, pertsona langilea, lanean fina dena esan nahi du. Gazteentzako lan-orientazio zerbitzua Udaleko Haur eta Gazteria departamentuaren ekimenez abiatu da, Sozioekonomia departamentuarekin elkarlanean. Udal gobernu taldeak hartu zuen konpromisoa betetzera dator eta gazteen lan aukerak edota ikasketak bukatu osterako bide posibleak ikusarazteko zailtasuna identifikatuta, behar horri erantzun asmoz abiatu da.

  Ziurgabetasun testuinguru honetan laneratzea ez da erraza gazteenentzat, eta hori errazteko bitartekoak jarri beharrean daudela adierazi du Iker Oñate zinegotziak zerbitzu berria aurkezterakoan.

  Bihar, abenduaren 1etik aurrera eskainiko da zerbitzua Gaztelekuko informazio bulegoan, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era. Gazteentzako lan orientazio zerbitzu honetan gazteek lana bilatzeko aholkulritza eta orientazioa jasoko dute. Beken inguruko, lan ikastaroen gaineko eta lanaren lotutako dirulaguntzen informazioa emango da. Oñati eta eskualdeko enplegu baliabideak ezagutaraziko dira eta enpresa berriak sortzeko bitartekoez edo gazteei zuzendutako laguntza eta baliabideak eskuratzeari buruz informazioa emango da.

  Bi hezitzaile arduratuko dira gazteentzako lan orientazio zerbitzuaz eta aurrez aurrekoa izango da nahiz eta telefonoz (943 718 257) edo posta elektronikoz (gazteinformazioa@onati.eus) ere kontsultak egin ahal izango diren.

  Maratz zerbitzu berria ezagutzera emateko prestatu diren esku-orriak etxeetara banatuko dira datozen egunotan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!