Gazteentzako bertso paper lehiaketa antolatu dute Gaztelekuak eta Txinparta Bertso Eskolak

2022/05/11
Card image cap
Bertso paper lehiaketako azken sari banaketa, 2019an
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 22an amaituko da

  Gaztelekuak bertso eskolarekin batera antolatzen duen bertso paper lehiaketa martxan da jada. Partaideak, adinaren arabera bi mailatan bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak batetik eta derrigorrezko bigarren hezkuntza eta batxilergoko ikasleak bestetik. Maila bakoitzean egin beharreko lana eta jasoko diren sariak ezberdinak dira.

  Lehen hezkuntzako ikasleek bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Gaia argazki bidez proposatu zaie, aurten ere, eta Picassoren Gernika margolana, Oñatiko txorimaloak edo Urbia dira irudietan agertzen direnak. Maila honetan 5 sari banatu ohi dira. 12-18 urte bitartekoen mailan berriz, hiruna bertso osatu beharko dira neurri eta gai librean. Sariak, kategoria honetan, 3 izaten dira.

  Zabalik dago jada Gaztelekuko bertso paperen lehiaketan parte hartzeko epea. Bertsoak osatuta, maiatzaren 22ra arteko epea dago lanak Gaztelekuan entregatzeko. Sari banaketa ekitaldia berriz, maiatzaren 28an egingo da Gaztelekuan. Ekitaldia zehazten ari dira Txinparta bertso eskolako arduradunak baina litekeena da bertsolariren bat gonbidatzea, aurreko aldietan egin izan den bezala.

  Gaztetxoen bertsozaletasuna eta sormena sustatu nahi duen lehiaketa honen antolakuntza ere etenik egon da bi urtetan, pandemiaren eraginez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!