Gazteen emantzipaziorako diru laguntza eskaerak nagusi dira gaurko gobernu batzarrerako

2017/10/19
Card image cap
"Elkarri lagunduz" proiektuak sortutako funts sozialaren banaketa ere eztabaidatuko da

  24 gai jaso dira gaurko tokiko gobernu batzarrerako lan zerrendan eta horietatik 15 emantzipaziorako diru laguntza eskaerak dira. Pasa den ostiralean amaitu zen etxebizitzak alokatzeko udalak gazteei eskaintzen dizkien diru laguntza hauek eskatzeko epea. Aurrez jada, hainbat eskaera bideratu eta gobernu taldean eztabaidatu ziren, baina jaso diren azkenak, gaur aztertuko dira. Emantzipaziorako diru laguntzak 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete baldin eta, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza ematen  da, muga 250 euro hilean izaki. Diru laguntzak bi zatitan ordaintzen dira; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatzen da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egiten da. Bigarren ordainketa, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetarako  40.000 €ko poltsa du udalak aurten.

  Elkarri lagunduz proiektuan sortutako funts sozialaren banaketa ere eztabaidatuko da gaurko bileran. Txantxi tokiko moneta zirkulazioan jarri zuen egitasmoa da Elkarri lagunduz. Hiru urtez luzatu zen erabilpen horrek ia 4700 €ko funts edo fondo soziala sortu zuen. Iraungitze data pasata zuten Txantxiak eguneratzean % 3aren murrizketa aplikatzen zitzaien dendariei. Hainbateko horiek gizarte funtsa sortu eta pilatzea eragin zuten. 2014ko urrian ekimena martxan jarri zenetik, aurtengo uztailera bitartean pilatutakoa zein proiektu solidariotara bideratu erabakiko da batzarrean.

  Singular dendak programari buruzko argibideak emango zaizkie gobernu taldeko kideei eta Cowork gunea eta ekintzailetza sustatzeko programari buruzko informazioa ere bai gaurko batzarrean. Lan zerrendan, 24 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!