Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza aztergai izango da gaur arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean
Prozesuan, gazteek, gurasoek, lokal jabeek eta bizilagunek parte hartu dute. Egunerokoan izaten dituzten elkarbizitza arazoak, kezkak eta zailtasunak identifikatu ondoren, bestearen lekuan jarrita konponbideak bilatzen saiatu ziren. Beti ere, elkarbizitza egokiago baten alde eta gazteek, beraien aisialdirako gustuko lekuaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Prozesua hasterako, zertan bukatuko ote zuen ez zekitela aitortu zuten politiko eta teknikariek, elkarbizitzarako oinarrizko testu bat osatuko ote zen edota udal ordenantza bat egingo ote zen. Dirudienez, azken honen aldeko jarrera nagusitu da. Arratsaldeko bilerarako lan zerrendan gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzaren gaia jaso baita.
Datorren asteartean, bestalde, gazte lokalen inguruan burutu den parte hartze prozesu honen emaitzak publikoki aurkezteko bilera irekia antolatu da Gaztelekuan. Arratsaldeko 19.00etan izango da eta bertara, prozesuan zuzenki parte hartu duten gazteak, lokal jabeak, bizilagunak eta gurasoak gonbidatzen dira.
Barraken gaia ere mahai gainera aterako da arratsaldeko bileran. Korpus eta San Migel jaietan plaza ondoko jolasgunean kokatuko diren barrakak zehazteko lizitazio prozesu publikoa ireki da aurten, lehen aldiz. Prozesuaren berri emango da Tokiko Gobernu Batzarrean eta bide batez, esleipena zehaztuko da. Korpusetarako barrakak maiatzaren 27an etortzen hasiko dira lizitazio baldintzetan jaso zenez.
Ekainean, Korpus jaiak izango ditugu baina Fan Hemendik eguna ere ekainaren 13rako iragarri da. Fan Hemendik mugimenduaren eskaera ere aztergai izango da arratsaldeko bileran.
Guztira, 20 gaiko lan zerrenda zehaztu da gaurko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!