Gazte lokalak erregularizatzeko diru laguntzak arautuko dituzten oinarriak aurkeztuko dira gaurko Osoko Bilkuran

2017/01/26
Card image cap
Abendukoan mahai gainean utzi zen gaia

  Gazteen aisiarako eta elkartzeko gune gisa erabiltzen diren lokalen  jarduera legeztatzeko epea 2017ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Batzar berean, lokalak egokitzeko diru laguntzak arautzeko oinarriak aurkeztu ziren baina ez-ulertu bat tarteko, bozkatu gabe mahai gainean uztea erabaki zen. Arratsaldeko bilkuran berriro aurkeztuko da eta onartzea espero da.

  Gazte lokalak egokitzeko diru laguntzen helburua bi gastu konkretu arintzea da: lokalen jardueraren aurretiazko komunikazioekin aurkeztu behar diren txosten teknikoak idazteko eta erantzukizun zibileko asegurua egiteko. Eskatzaileak ondorioz, lokalaren jabeak edo asegururako diru laguntzen kasuan, gazteak eurak ere izan daitezke. Gazte lokalak egokitzeko diru laguntzetarako 40.000 euroko partida berezitu da aurten. Horiek eskatzeko deialdia egitea eta aurrez, diru laguntzak arautzeko oinarriak gaurko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartuko dira seguruenetik.

  Udalbatzaren urtarrileko bilerarako 11 puntuko gai zerrenda osatu da.  Aipatutakoa ez da aztertuko den diru laguntza bakarra, Kultura Departamentuak kudeatzen dituen programaren kontura emango diren diru laguntzen gaia ere azalduko baita. Bide batez, deialdia egiteko proposamena aurkeztuko da. Zubillagan eta Olabarrietan udalak dituen bi etxebizitza alokatzeko deialdia ere aztertuko da astean aurreratu dizuegunez, eta atzo aipatu bezala, plazako Gernikako arbolaren mendeurrena dela eta udalbatzako bi taldeek adostutako adierazpen instituzionala ere berretsiko da. Bestalde, izaera nazionaleko gaikuntza duten idazkari eta kontu hartzaile lanpostuak bete ahal izateko 2017ko lehiaketaren berri emango da eta hiri antolaketarako arauen aldaketa baten berri ere azalduko da. 
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!