Gazte eta nerabeentzako aisialdi aukera gehiago, berriak eta bestelakoak sortzea eskatu du EAJk
12-18 urte bitarteko gazteentzat udaleku ireki ezberdinak eta 14-20 urte bitartekoentzat tailerrak eta kontzertuak antolatzea proposatu dio EAJren taldeak udal gobernuari.
EAJk dioenez, guraso asko kezkatuta azaldu zaizkie gazte eta nerabeek aisialdi denbora igarotzeko dituzten ohitura berrien aurrean. Jokoa, teknologia berrien erabilera desegokia eta droga eta alkohol kontsumo ohituren inguruko kezka adierazi diete hainbat gurasok. Zentzu horretan, Gazteak Islandian bezalako programak aldarrikatzen dituzte jeltzaleek Oñatirako. Gazte eta nerabeen artean drogen kontsumoari aurre egiteko aisialdirako ekintza eta aukera ezberdinak proposatzen dituen ekimena da.
15-20 urte bitarteko gazteentzat aisialdi alternatiba gehiago eta ezberdinak falta direla deritzote jeltzaleek eta ezinbestekotzat jotzen dute gazteei bestelako aisialdi aukera batzuk eskaintzea. 12-18 urte bitarteko gazteentzat udaleku ireki ezberdinak antolatzea proposatzen dute: antzerki udalekuak, udaleku musikalak edota teknologikoak, esaterako. Eta 14-20 urte bitartekoentzat tailer ezberdinak: sukaldaritza, karikatura, argazki urbanoa (gauez), parkour, eskate eta abar. Baita musika kontzertu ezberdinak ere.
Aisialdi sortzailea, osasuntsua eta parte hartzailea sustatu nahi dute jeltzaleek eta horretarako beharrezkoa da gazteei baliabideak eskaintzea. Bidez batez, uda sasoiari begira gainera, aisialdi gune berria egitea proposatzen du EAJ-ko udal taldeak. Kirol aisialdi gune osatua: kanpoko igerilekuarekin, ur-jolasekin, adin ezberdinentzako ur-txorrotekin, erabilera anitzeko kirol-lekuekin...
Udal gobernu taldeari egindako proposamen honen berri prentsa ohar bidez zabaldu du Oñatiko EAJk.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!