Gaur txertatu dituzte Eguneko zentroko erabiltzaileak

2021/03/09
Card image cap
Oñatiko intzidentzia metatua 500etik behera dago eta gorrian dauden udalerrien zerrendatik irten da

  Herriko adinekoen txertaketak aurrera darrai. Gaur goizean Eguneko zentroko erabiltzaileak txertatu dituzte Donostiatik etorri diren erizainek. 30 erabiltzaile dira eta aurrez, Covid-ari aurre egiteko bakuna jarri nahi ote zuten galdetu zitzaien eta baiezko kasuan hartarako baimena sinatzea eskatu zitzaien. Eguneko zentroan lan egin eta oraindik txertatu gabe zeuden langileei ere hartarako aukera eman zaie. Zenbaitek, bakuna, San Martingo egoiliar eta langileekin batera hartua zuten, egoitzan ere lan egiten dutelako.

  Anbulatorioan bitartean, etxean bizi eta halako zerbitzuetara ez doazen 80 urtetik gorakoak txertatzen ari dira. 90 eta 100 urte artekoak txertatzen hasi ziren lehenik baina adin tartea jaisten ari dira eta 80 eta 90 urte artekoei ere deitzen hasi dira, txertatzeko aukera eskaintzen.

  100.000 biztanleko intzidentzia metatua 500dik gorako mailara iritsi eta hilabete justu bete den honetan, Oñati gorrian dauden udalerrien zerrendatik irten da. Osakidetzak eguerdian eman dituen datuen arabera positibo bakarra atzeman zen atzo eta une honetan, intzidentzia metatua 444,72 da. Covid-ari aurre egiteko gaur bertan indarrean sartu diren azken neurrietan ez da bereizketarik egiten herrien artean eta intzidentzia handia zuten herrietan aurretik etenik zegoen eskola kirolaren jarduna berriro martxan jarri daiteke jada. Baina  otsailean bizi izan genuen osasun egoera larriari buelta eman izana garrantzitsua da. Hala ere, kontuan hartu une honetan Oñatiko intzidentzia metatua 444,72 dela esan bezala, eta oraindik, gehiago jaitsi behar dela, otsaila hasieran geunden maila egokira bueltatu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!