Gaur sinatu da Txaketuaneko bidegurutze inguruan oztopo-zutoin hidraulikoak hornitu eta jartzeko kontratua

2021/02/01
Card image cap
Nortrafic enpresak egingo ditu lanak

  Oztopo zutoin hidraulikoak hornitu eta jartzeko lizitazio publikora enpresa bakarra aurkeztu zen, Errioxako Nortrafic SL, hain zuzen. Egindako eskaintza Udalak jarritako baldintzekin bat zetorrela ikusi zuen Kontratazio Mahaiak eta lana esleitzea proposatu zuen. Nortrafic-en eskaintzak udalaren gehienezko prezioa 3.500 eurotan merkatzen du eta exekuzio epea 8 astetik 5era jaitsi du. Gainera, gutxienez eman beharreko urtebeteko berme edo garantia sei urtera jaso du. Aipagarria da bestalde, eskaintzaren ezaugarri teknikoak bereziki baloratu direla, gehienez lortu zitezkeen 20 puntuetatik 19 eskuratu baititu Nortrafic-en proposamenak.

  Gaur bertan sinatu da kontratua eta ondorioz, martxo erdialdea baino lehen Txaketueneko bidegurutze inguruan aipatu zutoin hidraulikoak jarrita egongo dira, oinezkoen gunea babestu eta ibilgailuen bidea oztopatzeko. Bina oztopo-zutoin jarriko dira Parrokia aldamenean eta Bakardadeko Ama kalearen barrenean. Baimendutako ibilgailuen matrikulak irakurtzeko sistema izango dute zutoinek eta ibilgailuak hurbiltzean automatikoki jaitsiko dira, bidea irekiz. Txaketuaneko bidegurutzearen ingurua trafikora ixteko arazoa behin betiko konpontzea espero da. Zutoin edo piboteak jartzearekin batera 2019an jarri ziren semaforoak kenduko dira.

  Oñatiko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren baitan Erdigune Historikoaren Plan Estrategikoak zehazten du oinezkoen guneetara sarbidea kudeatu beharra, beti ere oinezkoen eremua handitze aldera. Erdiguneko oinezkoen eremua mugatzeko sarbide kontrolak lau puntutan jartzea aurreikusten du dokumentuak: Unibertsitate etorbideak eta Aita Madina kaleak bat egiten duten gunean, Maiatzaren 1a plaza parean eta Portu eta Ramon Irizar kaleetan. Azken bi hauetan eskuz jarri eta kentzen diren zutoinak daude egun, baina baliteke zutoin hidraulikoak jartzea etorkizunean. Oraingoz Txaketuaneko bidegurutze inguruan jarriko dira, semaforoak ordezkatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!