Gaur sartu dira indarrean Udalak eta Txatxilipurdi elkarteak izenpetu dituzten zerbitzu kontratu berriak

2021/09/01
Card image cap
Txipistin eta Auzoko programak eta ludoteka eta udalekuen koordinazio zerbitzuak berezitako kontratatutan jaso dira

  Udaleko Haur eta Gazteria eta Euskara-Hezkuntza departamentuen ardurak berezituta, haurrei nahiz migranteei eskaintzen zaizkien zerbitzuak berrantolatu eta kontratu ezberdinetan esleitzea erabaki zen: Txipistin eta Auzoko programak, batetik, eta Txaloka ludoteka eta udalekuen koordinazioa, bestetik. Ekaina-uztailean burutu dira kontrataziorako prozedurak eta biak Txatxilipurdi haur eta gazte ekintzak-AED elkartea enpresari esleitzea erabaki du Udalak. Gaur bertan sartu dira indarrean bi kontratuak.

  Txatxilipurdi izan zen bi deialdietara aurkeztu zen enpresa bakarra. Esleitzen ziren lau zerbitzuetatik hiru elkarteak berak eskaini izan ditu aurretik Oñatin. Aurkeztutako txosten tekniko eta eskaintza ekonomikoak ontzat eman zituzten epaimahaiek eta hauen proposamenei jarraituz erabaki du Udalak Arrasateko enpresa kontratatzea. Uztailaren 30ean izenpetu ziren kontratuek urtebeteko iraupena izango dute, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin.

  Txipisin eta Auzoko programa zerbitzuen kontratuaren aurrekontua 111 mila euro izango da eta Ludoteka eta udalekuen koordinazio zerbitzuarena ia 87 mila euro. Lehen kontratua betetzeko bost langile jarriko ditu Txatxilipurdik eta bigarrenerako hiru.

  Bizikidetza eta gizarte kohesioa bermatzeko Oñatira bizitzera datozen migranteei garatu eta gizarteratzeko aukera bermatu eta beharrezko zerbitzuak eskaintzera datoz Txipistin eta Auzoko programak: Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren programa, 6-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzentzen zaie eta Auzoko, 16 urtetik gorako migranteei. Bi programa hauen helburu nagusia etorkinen integrazioa da.

  Bigarren kontratuan berriz, ludoteka eta udaleku irekien koordinazio zerbitzuak bildu dira, esan bezala. Ludoteka 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta udaleku irekiak 4 eta 12 urte bitartekoei. Bi zerbitzu hauen helburuak haurrak aisialdiaz era aktiboan, parte hartzailean, sortzailean eta osasungarrian gozatzea da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!