Gaur hasi eta hilaren 20ra arte luzatuko da San Martingo baratze parkean egokitu diren ortu ekologikoen zozketan parte hartzeko izen emate epea.

2014/11/11
Izena, aisialdiko ortu sail bat eskuratu nahi duten herritar guztiek eman behar dute. Bai pasa den maiatzean hartarako interesa agertu zutenek eta baita, orduan udalaren deialdiari erantzun ez baina orain halako orturen bat lantzeko gogoa dutenek ere.

  Orain bospasei hilabete interesa agertu zuten herritarrei gutuna bidali zaie udaletxetik, zozketan parte hartzeko izena berriro eman behar dutela gogoratu eta hartarako zehaztu den10 eguneko epea azaroaren 20an amaitzen dela jakinaraziz.

  Baratze ekologikoen zozketan parte hartzeko eskaerarekin batera, nortasun agiriaren fotokopia aurkeztu behar da. Dokumentazio guztia udal bulegoetan utzi behar da.

  San Martin inguruan, 30 metro karratuko 70 ortu egokitu ditu udalak. Abenduan egin asmo den zozketan ortua eskuratzen duen herritarrak, 70 euroko kuota ordaindu beharko du urteko errenta kontzeptuan. Horri, beste 70 euroko fidantza batu behar zaio, udal jabaria egoki erabiliko denaren berme gisa. Izan ere, baratze parkean hainbat gune eta azpiegitura komun ere izango baitira, aldagelak, komunak eta tresneria gordetzeko biltegi etxolak, besteak beste.

  Lursailen erabilera urtebeterako lagako du udala eta urtez urte luzatu ahal izango da lagapena, gehienez, bost urteko mugarekin.

  Ortua eskuratzen dutenek ikastaro labur bat egin beharko dute era honetako baratze bat optimizatzen ikasteko, nekazaritza ekologikoaren ikuspuntutik eta autokontsumorako direla kontutan hartuz. Baratze parkearen erabilera araudian garbi azaltzen denez, ortu hauetan landatzen diren produktuak, norberaren kontsumorako izan beharko baitute, alegia ezingo dira saldu.

  Ortuko erabiltzaileek gainera, elkarte bat sortu beharko dute, mantenu lanak egin eta funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartzeko.

  Xehetasun guzti horiek, urriko Osoko bilkuran aho batez onartu zen Baratze parkearen erabilera araudian jaso dira.

  Azaroaren 20ra arte jasotzen diren eskaera guztiak errebisatu egingo dira eskatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko. Ondoren, zozketarako onartuen behin behineko zerrenda argitaratuko da erreklamazioetarako 10 eguneko epea irekiz. Eskatzaileen behin betiko zerrenda osatu ostean finkatuko da ortuen zozketarako eguna. Printzipioz, abenduan egin asmo da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!