Gaur hasi dira Covid ziurtagiriak eskatzen San Martin egoitzan
Bisitan doazen lagun eta familiako gehienak Covid txertoa jarrita dutela uste dute San Martin egoitzako arduradunek, ondorioz, ziurtagiri digitala aurkezteko arazorik ez izatea espero dute. Baina zenbatek duten ziur ez dakitenez agiria aurkezten ez dutenentzat bisita-gela berezia prestatu dute egoitza sarreran, bisitari horiek ezin izango baitute harrera lekutik haratago sartu. Gelan egoiliar bakarra eta dagokion bisita egon ahal izango da, aldiko. Bisita-gela honen erabilera maila ikusiko da lehen egunetan, eta hitzorduak eman edo bestelako neurri osagarririk hartu behar ote den erabakiko da gerora.
Covid ziurtagiria aurkezten duten senitarteko eta bisitariek egoiliarren gelaraino sartzeko aukera izango dute, orain arte moduan. Familiei ziurtagiria beharko dutela jakinarazi zitzaien atzo, eta lehen probak ere egin ziren harreran, inolako arazorik gabe.
Bitartean, San Martin egoitzako egoiliarrek beraien egunerokoarekin jarraitzen dute, bisitak hartzen eta tarteka kalera irteten. Egoiliar bat berrogeialdia betetzen ari da, positibo baten harreman zuzena izan delako. PCRan negatibo emanda bere solairutik irten ezinda dago baina osasunez ondo, esan bezala.
Egoitzako langileak berriz hasi dira Covid-ari aurre egiteko txertoaren hirugarren dosia hartzen. Aldi berean, listu bidezko PCR probak egin eta kontrolatzen jarraitzen dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!