Gaur hasi dira Covid-aren aurka txertatzen San Martin egoitzako egoiliarrak eta langileak

2021/01/15
Card image cap
Asteazkenean egindako PCR probek negatibo emanda, amaitutzat jo da Gabonen aurreko agerraldia

  Egoiliar eta langile guztiei egindako proba horien emaitzen zain zeuden, hain zuzen ere, Covid 19aren kontrako txertaketari ekiteko. Emaitzak atzo jaso ziren eta lehen txertoak jartzen gaur hasiko zirela jakinarazi zieten egoitzako arduradunei. Aurrez jada txertatu nahi ote zuten galdetu zitzaien bai egoiliar nahiz langileei.

  10:00tan hasi dira txertoak jartzen. Zehazki, gaur 42 egoiliarrek eta 21 langilek hartu dute txertoa, eta beste 28 egoiliarrek eta 52 langilek hurrengo astean. Bi egoiliarrek uko egin diote txertoa hartzeari eta beste hiru, positibo emanda, Eibar eta Ordiziako erreferentziazko zentroetan ingresatuta daude oraindik. Itzultzean, txertatu nahi duten galdetuko zaie.

  Pfizer etxeko txertoak ekarri dira San Martin egoitzara eta horiek bi dositan jarri behar dira, beraz, hiru aste barru bigarren dosia jarriko zaie gaur eta datorren astean txertatuko direnei.

  San Martin egoitzan Gabonen aurretik izan zen agerraldia amaitutzat eman dute osasun arduradunek asteazkeneko mapeoan egoiliar eta langile guztiek negatibo eman ondoren. Abenduaren 18an antzeman zen lehen Covid positiboa egoitzan eta abenduaren 31ra bitartean beste hiru kasu agertu ziren. Lehen gaixotua urtarrila hasieran hil zen eta beste hirurak, errekuperatzen ari direla jakinarazi digute San Martin egoitzako ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!