Gaur hasi da gripearen kontrako txertaketa

2021/10/18
Card image cap
70 urtetik gorakoek Covid txertoaren 3. dosia jarri ahal izango dute, aurrekoa hartu zutela sei hilabete pasa badira

  Osasun zentrora telefonoz deituta hartu daiteke jada gripearen kontrako txertoa jartzeko txanda. Osakidetzaren web atarian pasa ostegunetik hitzorduak banatzen ari dira. Ohikoa denez, 65 urtez gorakoei, gaixotasun kronikoei, haurdun dauden emakumeei eta osasun eta zaintza lanetan diharduten profesionalei gomendatzen zaie gripearen kontrako txertoa hartzea. Aurten gainera, 70 urtez gorakoei covid-ari aurre egiteko hirugarren dosia hartu nahi duten ere galdetuko zaie, eta nahi dutenei hala jarriko zaie, baldin eta aurreko dosia jarri zitzaienetik gutxienez sei hilabete pasatu badira. Dosi arteko gutxieneko tarte hori bete dela anbulatorioko erizainek momentuan egiaztatuko dute. Horrek, txertaketa ohikoa baino geldoago egitea eragin dezake, aldiko, bi bakuna jarriko baitzaie nagusienei, beso bakoitzean bana.

  Errefortzurako erizain bat izango da datozen asteetan Oñatiko anbulatorioan, baina plantillako erizainek ere txertoak jarriko dituzte. Txertoa hartzeko hitzordua eskatu behar da.

  Osasun zentrora joaterik ez duten gaixoak etxean txertatuko dira, beste urte batzuetan bezala, eta hauei ere emango zaie Covid-a aurre egiteko txertoaren hirugarren dosia jartzeko aukera. Dena den, txertaketa hori planifikatu egin beharko da jarri gabeko dosirik galdu ez dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!