Gaur hasi da egonaldi artistikoa ARGI Arantzazu 2019ko artista irabazleentzat

2019/03/15
Card image cap
15 egunez luzatuko da Elisa Gallego eta Antonio Guerra argazkilarien Arantzazuko egonaldia

  Egoitza artistiko honetan, paisaia eta identitatea gaia ardatz izango dute bi artista gonbidatuek eta elkarlanean garatuko dute. Egonaldi artistikoaren helburua ARGI festibalaren baitan Arantzazun jarriko den argazki erakusketa lantzea izango da.  

  Erakusketaren kontzeptualizazioan deialdiko komisario Jon Casenaverekin batera lan egingo dute argazkilariek. Gainera, bi lan-saio izango dituzte Jorge Oteiza Museo Fundazioko zuzendariorde Juan Pablo Huércanosekin  eta artearen historia eta komisario independente Érika Goyarrolarekin. Bi lan-asteko prozesu hau konferentzia ireki batez amaituko da. Bertan, bi sortzaileek bizi izan duten esperientzia publikoarekin partekatuko dute. Egonaldi artistiko honen emaitza izango den argazki erakusketa, apirilaren 12an inauguratuko da, Arantzazuko Gandiaga Espazioan.

  Baina egonaldian artisten lanen tutoretza egiteaz gain, Juan Pablo Huércanosek hitzaldi irekia eskainiko du bihar ARGI Arantzazu 2019ko jarduera zikloa abiatuz. Oteizaren lanaren berrikuspenak eta aktibazioak. Genealogia sasikoa berbaldia eskainiko du bihar eguerdian  Gandiaga Topagunean. Jorge Oteizaren legatua berrikusi eta aktibatu duten proiektu eta lan artistikoetan barrena ibilbide kritikoa egitea da hitzaldiaren asmoa, agerian utziz, artistaren ekarpena zein garrantzitsua izan den ondorengo sortzaileentzat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!