Oñatiko udala

Gaur amaitzen da udaleku irekietan parte hartzeko izen-emate epea

2017/03/24
Card image cap
2005etik 2013ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dauden udaleku irekiak uztailaren 3tik 28ra egingo dira aurten

  300dik gertu zegoen gaur goizean izena emana zuten haurren kopurua. Baina behin betiko datuak datorren astean ezagutuko ditugu gaur ilunkaran amaituko baita izena emateko aukera. Izena emateko, dagokion matrikula ordaindu behar da Laboral kutxa edo kutxabanken eta ordain agiria eta izen-emate orria guztiz beteta Txaloka ludotekara eraman behar da 16:45etik 19:45etara.

  Matrikulari dagokionez aurten ez da aldaketarik izan eta iaz bezala 70 eurotan mantentzen da. Udalekuetan seme-alaba batek baino gehiagok parte hartzen badu, matrikula prezioa merkatzen da, bigarrenak 60 € ordainduko ditu, hirugarrenarenak 50 € eta laugarrenetik aurrera doan. Beharra duten gurasoek zaintza zerbitzua ere erabili ahal izango dute 8:15tatik 10:00ak bitartean. Zerbitzu hau Gaztelekuko sotoan emango da udalekuetako egunetan eta 50 € ordaindu beharko da.  Ikastetxeen bitartez banatu ziren udaleku irekietan izena emateko orriak baina galdu dituztenek udal bulegoetan, ludotekan edo Gaztelekuan eskuratu ditzakete. Hori bai, gogoratu, gaur dela izena emateko azken eguna.
Udalak antolatutako udaleku irekiak uztailaren 3tik 28ra egingo dira aurten eta ohikoa denez, goizeko aisialdi ekintza izango da, astelehenetik ostiralera eta goizeko 10:00tatik 13:00ra.

  Zabalik dago baita ere udaleku ireki hauetan begirale aritu nahi dutenentzat izen-ematea. Datorren ostegunean, hilaren 30ean amaituko da horretarako epea eta oinarrian, euskaraz ondo hitz egitea eta kontratua egingo zaien egunean 18 urte beteta edukitzea eskatzen da. Eskaerarekin batera, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ere aurkeztu beharko da aurten, lehen aldiz. Hortik aurrera, aisialdiko monitore gisa eta akademikoki duten formazioa eta lan eskarmentua baloratuko dira. Udaleku irekietan begirale aritzeko izen-ematea udal bulegoetan egin behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!