Gaur amaitzen da udalak aldi baterako kontratatuko dituen pioi eta administrari lanpostuetara aurkezteko epea

2020/11/02
Card image cap
Eskaintza Oñatin erroldatutako langabeei zuzenduta dago

  Udal brigadarako eta kale garbiketa zerbitzurako bina pioi eta udaleko kontu-hartzailetza departamenturako administraria kontratatu nahi dira, aldi baterako. Lan eskaintza hauek Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen baitan jasotzen dira eta ondorioz, izena, Lanbideren web orritik egin behar da. Gaur goizean 11 lagunek izena emana zuten konponketa eta mantenu lanak egiteko pioi lanposturako, 65 kale garbiketa zerbitzuan pioi gisa aritzeko eta 106 administrari lanposturako. Izen-ematea gaur bertan amaituko da. Epea itxita, Lanbideko teknikariek lehen sailkapena egingo dute, eskatutako baldintzak betetzen dituztenak berezituz, eta hautagai horiekin elkarrizketak egingo dituzte udal ordezkariek, datuak egiaztatu eta motibazio pertsonala neurtzeko. Asmoa, bost langabe hauek lehenbailehen lanean hastea da.

  Udalak bost langabetu aldi baterako eta hiru edo lau hilabeterako kontratatuko ditu, jardun osoz: udal brigadarako eta kale garbiketa zerbitzurako pioiak lau hilabeterako eta administraria berriz, hiru hilabeterako. Hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko Oñatin erroldatuta egon behar da eta Lanbiden izena emanda, langabe moduan. Kale garbitzaileei eskolaratze ziurtagiria eta B1 gidabaimena izatea eskatzen da. Euskara ezagutza ertaina eta antzerako lanetan esperientzia izatea baloratuko da pioi lanpostu guztietan. Administrariari berriz, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa 2 titulua edo baliokidea izatea eskatzen da eta euskarari dagokionez 3. Hizkuntza Eskakizuna, EGA, C1edo pareko ezagutza izatea eskatzen da. Interesa dutenek, izen-ematea, www.lanbide.euskadi.net web atariaren bitartez egin behar dute.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!