Gaueko zerbitzua indarrean jarriko du gaur udaltzaingoak

2021/09/28
Card image cap
Udaltzainak goizaldeko 3:00ak arte egongo dira

  Halaxe egin zuten lan egutegia urte hasieran, eta ofizialki jairik ez badago ere, gaueko zaintza bereziari eustea erabaki dute udal arduradunek. Ondorioz, irailaren 28, 29 eta 30ean eta urriaren 2, 3 eta 4an arratsaldeko udaltzainen lan txanda luzatu eta goizaldeko 3:00ak arte izango da. Gainera, Herri eguna izan beharko lukeen urriaren 2an eguneko zerbitzua ere indartu egingo da.

  Pasa den asteburuan ez zen istilurik izan herrian eta programatutako kultur ekitaldiak normaltasunez joan ziren, nahiz eta, jende asko batu zen. Tabernak itxi ondoren MU inguruan lagun asko bildu zen, baina han ere ez ei zen aparteko arazorik gertatu, udaltzainburuak adierazi digunez. Gaur jakinarazi da ordea, Txosnagunean eraso matxista bat egon zela zapatuan. Txosna batzordeak halakoetarako zehaztua zuen protokoloa aktibatu zen eta erasotuarekin berba egin ondoren, gertatutakoa salatzeko manifestazioa deitu da gaur arratsalderako. Erasorik ez! Denon erantzukizuna da lemapean larunbateko eraso matxista salatzeko manifestazioa egingo da gaur, 18:00tan, plazan.

  Datozen egunetarako antolatu diren kultur ekitaldiei begira, Etxaluze inguruan hainbat aparkaleku kenduko direla adierazi digu udaltzainburuak, bertan izango den haur parkea muntatu ahal izateko. Olaitturri, berriz, itxita mantenduko da, hau da, ez da aparkaleku gisa erabili ahal izango.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!