Garraio publikoan hobariak aplikatzen jarraitzearen alde bozkatuko du Oñatiko alkateak

2022/12/02
Card image cap
Abenduaren 16an egingo den bileran hobarien alde egingo dute Oñati, Hernani, Oiartzun eta Errenteriako ordezkariek

  Gipuzkoako Garraio Agintaritzako bilera egingo da abenduaren 16an eta datorren urterako neurriak erabakiko dira, tartean, bidaiariei azken hilabeteotan aplikatu zaizkien hobariak mantentzea. Oñati, Hernani, Oiartzun eta Errenteriako alkateak eskutik joango dira eta hobariak mantentzearen alde bozkatuko dute. Bide eta hobari horien aurkako edozein neurri, herritarren eguneroko beharrei bizkar ematea litzatekeela esan du Izaro Elorza alkateak.

  Abenduaren 16ko batzarrean, Mugi txartelaren erabiltzaileei, urte osoan %50eko hobaria aplikatzearen alde azalduko dira Oñatiko, Hernaniko, Oiartzungo eta Errenteriako alkateak eta norabide horretan doazen politiketan sakontzearen garrantzia aipatu dute, bizi dugun krisi ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan, garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitu beharra azpimarratuz.

  Bestalde, garraio publiko duina eskatuz Elorregiko biribilgunea moztu zuten hainbat gaztek atzo arratsaldean. Debagoieneko Ernaik deitutako mobilizazioan, eskualdean lotune garrantzitsua den Elorregiko biribilgunea blokeatu zen, hainbat minutuz. Mugikortasun eredu jasangarriagoa eta justuagoa aldarrikatu zuten eta garraio publiko duina eskatu zuten. Autobus linea berriak sortu eta kasu batzuetan maiztasuna handitzea proposatu zuten garraio publikoaren konexioen eraginkortasuna hobetzeko. Eskualdean ikasle mugikortasun handia dagoela azaldu zuten eta erantzun egokia emateko garraio publiko duina eskatu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!