Oñatiko udala

Garibai auzorako sarbide adarra eraikitzeko obraren esleipen prozedura hastea erabaki du Udalak

2021/07/23
Card image cap
Desjabetuko diren lursailen jabeei ordaindu beharrekoa onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

  ULMA enpresaren Munazategi gunerako sarrera-irteerak erraztu eta istripu arriskua gutxitzeko asmoz GI-2630 errepidean eraikiko den biribilguneak Garibai auzorako sarbide adarra izango du. Biribilgunearen lanak Ulmaren kontura egingo dira eta Garibairako adarrarenak Udalaren kontura, bi erakundeek iaz adostutako egikaritze hitzarmenean jaso zenez.

  Garibai auzoko baserrietarako sarbide egokia eta segurua bermatuko duen bide-adarraren proiektua LKS Ingeniaritzak idatzi zuen eta horren araberako lanen esleipen prozedura abian jartzea onartu zen atzoko Tokiko Gobernu Batzarrean. Lanak prozedura ireki eta erraztu bidez esleituko dira. Iragarkia udalaren kontratatzailearen profilean argitaratu da eguerdian eta proposamenak aurkezteko 20 laneguneko epea zehaztu da, abuztuaren 20ra arte. Lanen lizitazio aurrekontua 102.377 euro da eta enpresek horren pareko edo merkeagoa den eskaintza aurkeztu beharko dute, jakinik gainera, esleipen irizpide nagusia proposamen ekonomikoa izango dela; 90eko gehienezko balorazioan prezioak 80 puntu lortzeko bidea emango du eta berme epeak berriz, 10 puntu.

  Lanak esleitzeko prozedura martxan jartzearekin batera, hartu beharreko lurren jabeei ordainduko zaiena onartu zen atzoko Osoko Bilkuran. Garibai auzorako bide-adarra eraiki ahal izateko hiru lursailetan dauden 580 metro karratu desjabetu eta 310 metro karratu aldi baterako okupatuko dira. Dagokion balorazioa eginda, eskaintza proposamena aurkeztu zitzaien lurjabeei pasa den ostegunean egin zen bileran eta haien adostasunez, gaia atzoko Osoko Bilkurara eraman zen. Aipatu ondasunak desjabetu eta hartzeagatik, guztira, 26.505 euro ordaintzea erabaki zuen udalbatzak, aho batez.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!