Oñatiko udala

Gari Nuñez entrenatzailea kargugabetu du Aloña Mendiko futbol sailak

2023/03/02
Card image cap
Aritz Garmendia izango da gizonen lehen taldeko entrenatzailea, aurrerantzean

  Atzo arratsaldean jakinarazi zioten Nuñezi kargugabetuko zutela. Bilera batera deituak izan ziren bera, Dabid Zaitegi laguntzailea eta Iban Agirrezabala prestatzaile fisikoa. Azken hau, arrazoi pertsonalak tarteko, ezin izan zen Atzeko Kaleko bulegoetan egin zen hitzordura gerturatu, baina beste biek, zuzendaritzako kideen ahotik izan zuten erabakiaren berri. Bilera amaituta, ohorezko erregional mailako taldearen entrenamendua hasi aurretik jakinarazi zitzaien aldaketaren berri jokalariei. Ondoren, Gari Nuñezek eta Dabid Zaitegik jokalariak agurtu zituzten.

  Kargugabetzearen oharra publikoki atzo gauerdian zabaldu bazen ere, erabakia, astearte arratsaldean hartu zuen zuzendaritza batzordeak. Taldeak daraman emaitza bolada hautsi nahian emandako aurrerapausoa izan da eta mugimendu honen helburua garbia da: dinamika txarra lehenbailehen etetea, eta, bide batez, pizgarri izan daiteken erreleboa ematea.

  Aritz Garmendia izango da gizonen ohorezko erregional mailako taldearen entrenatzaile berria denboraldia amaitu bitartean. Ez da bakarrik arituko eta kluba oso ondo ezagutzen duen giza-taldea edukiko du alboan; klubak etxeko jendearen aldeko apustu sendoa egin du beste behin eta Iñigo Zubia, Aimar Lizarra, Gorka Lazkano eta Mikel Aginagalderen presentziarekin osatuko du entrenatzaileen lan talde berria.

  Garmendia klubeko aktibo oso garrantzitsua izan da azken urteetan, kirol koordinazioan egin duen lanagatik; saileko kategoria guztietan jokalari izandakoa, duela hamar urte erantzi zituen futbolari botak. Igor Serranorekin, urtebetez, eta Gotzon Urzelairekin, bi denboraldiz, laguntzaile aritu zen Garmendia eta formakuntzaz ere, ondo prestatutako teknikaria da UEFA B mailako entrenatzaile titulua baitauka.

  Entrenatzaileen kargugabetzeak ez dira ohikoak Aloña Mendiko futbol sailean. Kaleratu zen azken entrenatzailea Pablo Diez gasteiztarra izan zen, 2010ko abenduan. Orduz geroztik, Aitor Orueta, Andoni Azkargorta, Igor Serrano, Gotzon Urzelai, Endika Ruiz eta Gari Nuñez izan dira gizonen lehen taldeko entrenatzaileak.

  Denboraldia amaitzeko 11 jardunaldi gelditzen dira eta Aloña sailkapeneko azken aurrena da, 23 partidatan 25 puntu soilik eskuratuta. Bi puntutara dauka jaitsieratik kanpo dagoen Mutriku baina, arazoak saihesteko, atzetik gutxienez lau talde uztea komeni da sasoi amaieran. Lehenbailehen erreakzionatzea komeni da 2017an bizi izan zen jaitsiera errepikatu ez dadin. Puntuak batzen hasteko lehen aukera igandean izango du Garmendiaren taldeari. Aloñak bederatzigarren sailkatua den Tolosa hartuko du Azkoagainen, 16:30etan. Zuzendaritzak dei berezia egin die zaletuei, momentu zail honetan taldea babestu dezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!