Garayko enpresa batzordeak greba mugagabea iragarri du urtarrilaren 10etik aurrera

2021/12/22
Card image cap
Lan hitzarmena negoziatzen aritu dira

  Abenduaren 9an egin zen langile asanbladan gehiengo zabalez erabaki zen urtarrilaren 10etik aurrera greba mugagabea hastea. Bozketan 141 langilek grebari bai esan zioten, 22k ez, 7 boto zuri egon ziren eta 1 baliogabe utzi zen. Hilabete luzeetako negoziazioek porrot egin ostean hartutako erabakia dela adierazi du Hijos de Juan de Garayko enpresa batzordeak, hedabideetara zabaldu duen komunikatuan. Zuzendaritzarekin izenpetutako azken lan hitzarmena 2019an bete zen eta berritasunik gabe bere horretan mantendu da ia bi urtez.

  Gipuzkoako Metaleko Hitzarmenari lotutako igoerak ez bermatzea eta hainbat neurri sozialetan bat ez etortzea daude zuzendaritza eta langile batzordearen desadostasunaren oinarrian, langileen ordezkariek adierazi dutenez. Bilera berrirako datarik ez da oraingoz Hijos de Juan de Garay enpresan baina urtarrilaren 10a baino lehen zuzendaritzaren aldetik mugimenduren bat izatea espero dute langileen ordezkariek,. Zuzendaritza jakitun da egun horretatik aurrera, urtarrilaren 10etik aurrera, greba mugagabea deituta dagoela.

  Garay lantegiko enpresa komitea ELA eta LAB sindikatuek osatzen dute, ELAk 8 ordezkari ditu eta LABek 5.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!