Garay eremua etxebizitzak eraikitzeko eremu bihurtzea proposatzen du Amaia Erostarbe alkategai jeltzaleak

2023/04/24
Card image cap
Prezio mugatua duten etxebizitzak eraiki eta hutsik daudenak birgaitzea proposatu du Debagoienako alkategaien aurkezpenean

  EAJren eskualdeko alkategaiak aurkezteko ekitaldia azoka gunean egin zen, ostiral arratsaldean. Amaia Erostarbe Oñatiko alkategaiarekin batera, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Antzuola eta Eskoriatzako hautagaiak bertaratu ziren. Ekitaldian Eider Mendoza Ahaldun Nagusitarako hautagaiak eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek ere parte hartu zuten.

  Amaia Erostarbe alkategai jeltzaleak esan zuen egungo udalaren utzikeriagatik Oñati atzera geratu den herria dela. Baina kudeaketa eraginkor sendoa egin eta Oñati bizitzeko herririk onena bihurtu nahiko lukeela adierazi zuen; aurrera begiratzen duen herria, pertsonak erdigunean jartzen dituena, gazteei bizi proiektua eskainiko diena, industria indartsuarekin, komertzio eta ostalaritza garatzeko aukerak ematen dituena, kirola egin eta kultur jarduerak eskaintzen dituena eta euskalduna. Gazteei bizi proiektua herrian eskaini ahal izateko bertan bizitzeko bidea eman behar zaiela gaineratu zuen Erostarbek eta Garay eremua etxebizitzak eraikitzeko eremu izatea proposatzen dutela argitu zuen. Etxebizitzen %75a babes ofizialekoak, tasatuak eta prezio mugatukoak izango liratekeela zehaztu zuen, saldu nahiz alokairurako. Eta herrian hutsik daudenak birgaitzea proposatu zuen.

  Ekitaldian Diputatu Nagusi izateko EAJren hautagai Eider Mendozak ere berba egin zuen, industria, parte hartzea eta berrikuntza ardatz dituen ekonomia sustatzen jarraitzeko konpromisoa berrituz. Balio kooperatiboak eta lankidetzan aritzeko gaitasuna jarri zituen balioan, gipuzkoarren DNAn daude ezaugarriak direla nabarmenduz.

  Azkenik, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, herrigintza aldarrikatu eta balio komunitarioen defentsa egin zuen. Maiatzeko hauteskundeei begira, harrokeriaren aurrean apaltasuna defendatu zuen eta erabakiak hartzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!