Oñatiko udala

Garay enpresako adreiluzko tximinia eraisteko baimena mahai gainean utzi du udalak

2017/11/08
Card image cap
Eraberritzeko balizko aukerak aztertu nahi dira

  Hijos de Juan de Garay enpresan XIX mende amaieran eraikitako adreiluzko tximinia dago. Tximiniak 38 metroko altuera du eta 2,40 m-ko diametroa oinarrian eta 1,40 m ingurukoa gailurrean. Tximinia lotu eta ez jausteko 5 eraztun metaliko jarri dira urteen poderioz baina goialdeko zatia oso okertuta dago eta hainbat adreilu jausi dira. Tximiniaren egoera txarra ikusita eraisteko baimena eskatu zuten enpresako ordezkariek, horretarako Itziar Zelaia arkitektuaren proiektua aurkeztuz.

  Otadui zuhaiztiko 9-11 zenbakidun eraikinen artean dagoen tximinia ez dago ez katalogatuta ezta inbentariatuta ere. Beraz, ez dauka ondare babes berezirik baina intereseko eraikuntza dela iritzi dute udaleko zerbitzu teknikoek. Izan ere, herriko industria ondare eta historian lekua dauka, XIX. mende akaberan jaso zelako, esan bezala, eta gaur egun ez dagoelako antzerako beste elementurik Oñatin. Horregatik, eta tximinia eraberritu eta mantendu ote daitekeen aztertu nahi du udalak, behin betiko erabakia hartu aurretik.

  Oraingoz, Hijos de Juan de Garay enpresatik jaso den eraisteko baimena mahai gainean uztea erabaki da, tximinia eraberritzeko balizko aukerak aztertu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!